ZUK EUSKARA, EUSKARAK ZU !

KOLDO 05 Urr 2018,
ZUK  EUSKARA,  EUSKARAK  ZU  !

Gazte ikuspegitik eta Ipar Euskal Herrian eskualdez eskualde dauden egoera berezituak kontuan hartuz, funtsezkoa da euskaldunon eskubideen aldeko aktibazioan eragitea.

Ikasturte berri honetan ere, Jauzi bat Aitzina egiteko engaiamendua hartzen dugu. Arloz arlo, gazteei antolakuntza eta borrokarako tresnak eskeintzea dugu helburu.

Horretarako, iaz ematen hasi ginen aldaketetan sakonduz, engaiamendu mota ezberdin eta militantzia-eredu berriei erantzunen dien gazte antolakundearen ibilbidea jorratzea dagokigu.

Euskara, feminismoa eta etxebizitza kokatzen ditugu lehentasun bezala. Salaketa eta eraikuntza uztartuz, gazte problematikak lantzea dugu eginkizun nagusitzat. Udaberri feministaren ondotik, Aitzinako talde feminista eraso sexisten aurkako protokoloa hedatzeko lanean murgilduko da buru-belarri. Gazteok bizi-proiektu duin  plantan ezartzea ezinezko bilakatzen duen espekulazioa salatzeko dinamikak ere hauspotuko ditugu. Horiek hola, ondotik zehaztuko dugun gisara, euskara ardatz izanen duten egitasmo berritzaileak izanen dira aurtengo gure apustu nagusia. Euskararen lubakiaz harago, zerbitzu militarrari ezezkoa adierazteko asmoa irmoa dugu ; baita G7ren kari, herrien burujabetzaren aldarria entzunarazteko borondatea ere.

Euskara erdigunean kokatuko duten herri-mobilizazioen ikasturtea heldu zaigu. Euskaraldia eta Korrika mugarri izanen dira euskara sustatzeko aro berri honetan.

Gazte ikuspegitik eta Ipar Euskal Herrian eskualdez eskualde dauden egoera berezituak kontuan hartuz, funtsezkoa da euskaldunon eskubideen aldeko aktibazioan eragitea. Berdintasunaren izenean, euskaldunok 2.mailako hiritarrak gara gaur egun, Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoan. Ugariak dira, hezkuntzan, lan-munduan, aisialdian eta kulturan euskaraz bizitzeko ditugun oztopoak. Asimilazioak eta zapalkuntzak dirauen garaiotan, euskara inposatzea leporatu ohi zaigu. Argi eta garbi azpimarratuko dugu ez garela gu nehoren eskubideak urratzen dituztenak, euskarari ate oro hetsi nahi dizkiotenak baizik. Jatorri, genero edo sexu-joeraren araberako diskrimanaziorik onartzen ez dugun ber, ez dugu onartuko hizkuntza ez-ofizialean mintzatzeagatik diskrimina gaitzaten. Geroari so, batzen gaituen hizkuntza izan behar du euskarak, herri honetara heldu den orori bertan sustraitzeko parada emanen diona. Euskaraldiaren bidez ahaldundu eta gure hizkuntza ohiturak aldatzeak ezinbesteko jauzi kualitiboa da. Baiki, hiztunok badugu zer egin. Haatik, euskaraz bizitzeko bitartekoak egikaritzeko, hizkuntza politika ausartagoak behar ditugu. Balio sinbolikoa duten ezagupenak ontzat jo arren, instituzioek gehiago egin dezakete zentzu horretan ; borondate kontua besterik ez da ofizialtasunerantz urratsak egiten joatea.

Lehenik eta behin, « Euskararen alde, zuzen ! » kanpaina abiatuko dugu. Hamarnaka dira gure herrietan euskarazko akatsak dituzten bide-seinaleak. Tttikikeria iruditu dakioke bati baino gehiagori, baina euskararen ezagupen eta -kasu honetan-mespretxu publikoa da jokoan dagoena. Azken egunotan, bidegaberia honen adibide garbia izan da Donibane-Lohizuneko Herriko Etxeak zuzentzaile automatikoaren arazoak ukanik estaldi behar izan duen bide-seinalea. Seinale hauek zerrendatu, arazoa gordinena den herriak jomugan hartu eta erabateko zuzenketa exijitzeko ekimen-sorta prest dugu. Beraz, igorri zuen herrietako seinale akastunen argazkiak eta adi egon mobilizazioei.

Bide-seinaleen gaia borrokatzeaz gain, ondoko hilabeetan euskaraz bizitzeko ezintasuna ikusgarri egiteko ekimen desobedienteak biderkatuko ditugu. Euskaraldirako ahobizi eta formakuntzak proposatuko ditugu hainbat gaztetxetan. Azkenik, gazte eremuetan euskararendako arnasguneak sortzeko lanari lotuko gatzaizkio, euskaraz ikasi nahi luketen gazteengan arretan berezia jarriz.

« Zuk euskara, euskarak zu ! » lelopean ekingo diogu aurtengo ikasturteari.  Bizitzaren arlo guzietan euskaraz bizitzeko egin dugun hautua praktikan jartzera goaz. Izaera errebelde hau gure eginen n dugu Euskal Herrian lan, bizi eta ikastearen bidean !  Borrokan ikusiko elkar !