UDABERRI FEMINISTA

KOLDO 05 Mar 2018,
UDABERRI  FEMINISTA

Aitzinako talde feministako kideok Udaberri feminista kanpaina martxan jarriko dugu martxotik ekainera bitarte. Kanpaina honen ardatz nagusia, Ipar Euskal Herriko besta eremu ezberdinetara eraso sexisten aurkako protokolo bat zabaltzea izanen da.
Izan ere, egunero jasan ditzakegun erasoak eremu horretan ere errepikatzen dira. Gainera, besta giro horretan, egunerokotasunean gertatzen zaiguna modu intentsoan errepikatzen da, zenbait jarrerek besta giroan larritasuna galduko balute bezala. Emazteen aurkako bortizkeria horrek aurpegi ezberdinak ditu gainera: irainak, adierazpen sexistak, guttiespenak, kontrola, jazarpena, umorea, kolpeak, sexu erasoak, hilketak…

Eraso hauetako zenbait arras ohikoak dira besta eremuan. Horregatik, ezinbestekoa da besta eredu parekide eta feminista eraikitzeko bidean, honi buruzko hausnarketa bat eramatea. Bestak gure bizitzaren parte eta gizartearen isla diren heinean, ikuspegi feministaz jantzi behar ditugu, jendarte aske eta feminista bat lortzeko bidean.

Ondorioz, eraso sexisten aurkako protokolo bat proposatuz, gure xede nagusia edozein erasori erantzun eraginkor bat ematea izanen da, bestak denentzat eremu seguru eta plazer gune bilaka daitezen. Argi izan dadila hala ere, gure helburua erasorik gabeko besta eremuak lortzea dela; bide honetan, protokoloa tresna bat baizik ez da izanen.

Kanpaina hau erran bezala, martxoan hasiko dugu Ipar Euskal Herriko lau gaztetxetatik pasaz, eraso sexisten inguruko prebentzio lan baten hasteko eta honekin batera eraso sexisten aurkako protokolo bat proposatzeko. Aldi oro, gaztetxe horren inguruko bertze gaztetxe eta elkarte zenbait gonbidatuko ditugu gaualdira eta batez ere, lehenago antolatuko dugun formakuntza-aurkezpen saiora. Formakuntza-aurkezpen saio horrek, bertaratutako eragileei, eraso sexisten inguruko formakuntza bat eskaini eta eraso sexisten aurkako protokoloa proposatuko zaie. Erran bezala, eraso sexisten inguruko kontzientziazioa, prebentzioa eta erantzuna uztartuz.

Udaberri feminista martxoaren 16an hasiko da Baionako Zizpa gaztetxean eta udara bitarte, hilabetero formakuntza egun eta gaualdi bat antolatuko dugu formatu bereran, beste hiru gaztetxetan: Hazparneko Ttattolan apirilean ; Azkaingo Kilikan maiatzean ; eta Garaziko Gagan ekainean.

Hala, zailtasun eta erronka anitz dituen bide honetan, eraso sexisten kontrako borrokan, lehen pausoa baizik ez da Udaberri feminista: bidearen lehen pausoa edo martxa baten lehen notak…