TALDE FEMINISTA SORTU DA!

KOLDO 31 maiatza 2017,
TALDE  FEMINISTA  SORTU  DA!

Joan den udan Aitzinaren baitan eramandako eztabaidaren ondotik, funtzionamendu eredu berri bat plantan jartzea proposatu genuen. Plangintza propioak garatzeko asmoz, talde tematikoen ideia plazaratu zen orduan. Talde hauen bidez antolakundeak ildo desberdinetan sakontzea zuen helburua. Gainera, antolakuntza hori gazteen interesen araberako parte hartzea bultzatzeko parada izanen zen . Hortik sortu genuen beraz Aitzinako talde feminista. Erran bezala, gure interes eta beharrei begira, feminismoaren lanketa sakon batek egitea ezinbesteko zela azaleratu genuen argiki.

Aitzinako talde feminista, 2016ko irailean Ipar Euskal Herri mailako gazte zenbaiten hausnarketatik sortutako egitasmoa da. Gure baitan dugun behar bat ase nahian, gure herrian bazterrak inarrosten ari den mugimendu feministaren bidetik aitzina joan nahi dugu. Jasaten dugun sexu-generoaren zapalkuntza kontuan harturik, ikuspegi horretatik  diogu errealitateari aurre egin nahi. Herri burujabe eta feminista nahi dugu, beraz zapalkuntza orotatik askatu beharko gira.

Burujabetza feminista lortzeko bidean, Ipar Euskal Herriko gizartearen kontzientziatze lan sakon bat beharrezkoa dela uste dugu. Egunerokotasunean pairatzen dugun zapalkuntza erakutsi behar dugu eta horretarako, gure gizartean ematen diren botere-harremanak zehazten dituen sistema patriarkala gainditu behar da. Gainera, kontzientziatze lan hau, esparru guzietan garatu behar dela argi dugu . Izan ere, emazteok egunerokotasunean jasan behar dugun zapalkuntza gure biziko alor guzietara hedatzen baita. Patriarkatuak mila bisai ditu: lan-esparruan, politikan, militantzian, hezkuntza-sisteman, etxean, aisialdian, bestetan… Horretarako, besta eredua, emazteen lan baldintzak, eraso sexistak, karrikako jazarpena eta beste hainbat arazo gizarteratuz,  egiazko gizarte parekide eta bidezko bat lortzeko borrokan arituko gira.

Jazarpen-molde hauen guzien artean, uda garaian bereziki, nabarmenak dira besta giroan gertatzen diren erasoak. Horren aitzinean, ezin gira itsu, mutu eta gor gelditu. Beraz, gure lehen lanketa besta eredu eta ohituren ingurukoa izanen da. Zehazkiago, herriko besta, kontzertu eta abarretan ohiko bilakatu diren jarreren kontra eginen dugu. Bainan nola aurre egin honeri guziari ? Lehenik, lekuko eragile desberdinekin bilduko gira gaiaren inguruan eztabaidatu eta kontzientizazio lan bat egiteko. Bistan da, kontzientitzazio-prozesu horrekin bakarrik ez dugula eraso guziekin bukatzea erdietsiko. Ondorioz, behin gertatu direlarik, erasoei modu eraginkorrean erantzuteko tresna bat ere proposatuko diegu tokian-tokiko elkarteei: eraso sexisten aurkako protokolo bat, biktimei babesa eta sustengua eskaintzeko  eta erasotzailea egin duenaren larritasunaz ohartarazteko.

Gure proposamenean, protokolo-eredu bat aurkeztuko diegu elkarte desberdinei baita protokoloa plantan emateko baliabide materialak ere. Eredu hori tokian toki egokitzekoa izanen da, leku bakoitzeko egoerari moldatuz. Proiektu honek jada eman ditu lehen pausuak, hala nola, Nafarroaren Egunean (Basaizearekin elkarlanean) edota Hendaiako Futbol 7n. Alta, hau hasi besterik ez da egin. Uda honetan, Ipar Euskal Heriko hameka xokotan ibiliko gira, Garazin, Hazparnen, Atharatzen, Itsasun, Azkainen, Baionan…  gure egitasmoa lau haizeara zabaltzen. Ber denboran, interesa duen orok jakin dezala, elkarlanerako gogotsu girela.

Gaur, sugar tiki bat sortzen ari da eta denen hauspotzea beharko dugu hemendik aitzina. Euskal gizarteak lanketa eta kontzientziatze feminista behar du aitzina egin ahal izateko. Proiektu honetan sinesten duen edonor gomitatzen dugu bere ale tikiena ere ekartzera. Heldu den bilkura ekainaren 26an, arratsako 19:00tan, AITZINAko egoitzan iraganen da (13 Marengo karrika-BAIONA).