PANEL ASIMILATZAILEAK KANPORA

admin 14 Uzt 2014,

Ekimen hunen bitartez, gure lehen kanpaina politikoari bukaera eman nahi izan diogu. Bide beretik, aktualitatean zentraltasuna duten eta AITZINA-ko militanteen eskutik sutsuki landu diren bi lan ardatz barnebiltzen dituen ekimena da gaurkoa : euskararen babesa eta ezagupen instituzionala.

Iragarri dugun bezala, ipar Euskal Herriko lau izkinetako herri eta hirietako frantsesezko zenbait 100 panel kendu eta Pariserako bidean jarri ditugu. Ekimen hunen helburua, frantses estatuak, gure eremu eta euskal gizartearekiko duen jarrera zapaltzailea salatzean datza.

Jakina da, frantses eremu administratiboak ezagutzen dituen berezitasun identitario, kultural edota linguistikoak desagertaraztearen nahikerian, frantses hizkuntza asimilaziorako tresna eraginkor gisa inposatu dela. Hunek frantses nortasun bakarra sortzea zuen eta du xedea, Bretania, Okzitania, Kortsika, Kanakia edota Euskal Herriaren izena eta izana deuseztuz.

Hain xuxen ere, gure herrien IZENA da gaur argitara eraman nahi izan duguna. Baionatik Maulera, gure herri eta hirien izenak desitxuratzen ibili dira, hauek frantsestuz eta aldatuz. Hau urteetan zehar eraman duten asimilazio prosezuaren sinbolotzat jotzen dugu, izena eta izana elkar elikatzen baitira beti. Euskara eta euskal nortasunak zer leku “Anglet” -en? Gure Herriak zer etorkizun “Barcus” -en? Guk euskalduna eta burujabe den Euskal Herria dugu helburu, baina argi da frantses estatuak ez duela horretarako borondaterik.

Azken hilabeteei begirada bat emaitea besterik ez da behar, haren mespretxuaz ohartzeko. Lurralde elkargoaren inguruko kontsentsu zabalari trufa besterik ez dio erakutsi, pasa den asteetan prefetak egindako sasi proposamenak lekuko. Euskararen ezagupenari dagokionez berriz, hizkuntz minorizatuekiko beti izan duen posturarekin darrai estatu frantsesak, ukazioan tematuz. Horren lekuko da, Uztaritzeko Herriko Etxearen erabakiari berriki prefetak emaniko erantzuna.

Uztailaren 14ean ez dugu deus ospatzeko. Inoiz baino argiago agortua ageri den estatu jakobinoaren aldarria eginen da, herrien eskubideak urratu dituen estatuaren aldarria, hizkuntza eta kulturak galzorian ezarri dituen estatuaren aldarria.

AITZINA gazte antolakundetik, jarrera hori salatu nahi izan dugu eta berriz ere, gure herriarekiko dugun engaiamendua berretsi. Euskal Herri aske eta euskaldunaren alde borrokatuko gira beti eta horren erakusle izan nahi du gaurko ekimenak. Ez diezaiogun frantses estatuari, gure IZENA eta IZANA moldatzen utzi, are gehiago guretzat uztailak 14 -a den egun arrotz huntan.