ORTZAIZEKOEN EPAIKETA: GAZTEOK ZUEKIN !

KOLDO 16 Abe 2018,
ORTZAIZEKOEN  EPAIKETA:  GAZTEOK  ZUEKIN  !

Gaur hasiko da, 2015ean Ortzaizen atxilotu zituzten Euskal Herritarren aurkako epaiketa. Terexa Lekunberri, Jeff Mateo, Grazi Etxebehere, Xabier Goienetxea eta Iñaki Reta jarriko dira akusatuen aulkian. Xabier eta Iñaki, armagabetzea prestatzen hasi zen ETA erakundeko kideak izateagatik. Terexa, Jeff eta Grazi berriz, hauek etxean aterbetu eta bake prozesuaren aldeko engaiamendu irmoa erakusteagatik.

2015eko Uztaila zen, polizia Jeff Mateo eta Terexa Lekunberriren etxera sartu zen lehenbizi, bertan zeuden Xabier Goienetxea eta Iñaki Reta atxilotzera. Gau hartan etxe aitzinean protestan bildu ziren herritarren aurka bortizki oldartu ziren polizia-indarrak, hainbat pertsona zaurituz. Handik pare bat egunera, Grazi Etxebehere atxilotu zuten Iruñeko San Ferminetatik Ortzaizera itzuli zelarik. Ondorengo egunetan, ugariak izan ziren elkarretaratze eta atxilotuen aldeko babes-adierazpenak. Mobilizazio horri esker, Jeff, Terexa eta Grazi aske utzi zituzten. Grazi Etxebeherek berak hartu zuen hitza, errepresioaren aurka eta gatazkaren konponbidearen alde Donibane-Garazin eginiko manifestaldian. Ortzaiztarrak botatako « ene etxeko ateak idekiak ditut » baieztapen hura bereganatu zuten Ipar Euskal Herriko hainbat herritarrek.

Urte hartako kronikari jarraiki, Miarritzeko armen aurkikuntza eta Baigorriko atxiloketak etorriko ziren. Estatu Frantses eta Espainiarrek ETAren armagabetzea jarritako oztopoak guziak ere. Baina, erakundea armatuaren determinazioarekin eta bakegile bilakaturiko herritarren engaiamenduarekin gauzatuko zen armagabetzea. Luhuson barna Arnagaraino egindako bidea pentsaezina zatekeen gaur Parisen epaituko dituztenen ekimenik gabe.

Euskal Herriko militante politikoei aplikaturiko salbuespen legediak nehoiz ez badu zentzurik izan, gaur egun, are zentzugabeagoa da. Epaiketa honen atarian, Ortzaizeko bosten askatasuna eta Frantziak gatazkaren ondorioak konpontzeko urrats ausartagoak egitea aldarrikatzen dugu.