A

I

T

Z

I

N

A

Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleen antolakundea da AITZINA. Justizia sozialean oinarritutako Euskal Herri aske baten alde borrokatzeko sortu dena.

Hizkuntza

Euskara

“Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen”.
Euskara da gure hizkuntza eta horregatik, Aitzina! gazte antolakundearen lehentasunezko hizkuntza euskara da. Gure ardura izanen da aldarrikapen hori karrikara eramatea. Euskalgintzaren jarduerari eta eragile ezberdinei atxikimendua erakutsiz botere publikoen interpelazio lana burutzeaz gain, mota ezberdinetako ekimenen bidez jendartearen konzientizazio lana burutzea izanen da gure betebehar nagusienetakoa.

Euskal Herria

Abertzaletasunaren ibilbidea

Ezkertiar eta abertzale giren gazteontzat, Euskal Herria da gure herria. Zazpi lurralde historikoz ( Nafarroa, Lapurdi, Baxe Nafarroa, Bizkaia, Araba, Xiberua eta Gipuzkoa) osatua den herria. Beste nazioak bezala, guk ere herri gisa dagozkigun eskubideak aldarrikatzen ditugu. Beste herrien gisan herri bezala bizi ahal izateko Euskal Herriaren eskubide nazionalen aldarrikapena gure egiten dugu. Euskal Herri askea eraikitzeko bidean, nazioarteko legediak herri orori aitortzen dion autodeterminazio eskubidea lortzea eta errespetaraztea gure borroka izango da.

Sozialismoa

Ezkertiar ildoa

Gaur egungo egoera sozioekonomikoa inoiz ezagutu ez dugun maila kritiko batera iritsi arren, ez dirudi zorua oraino hunkitu dugunik. Gure agintari eta eliteek azken urteetan jasanarazten diguten egoera, sistema finantziarioaren “bideko istripu” bat bezala saldu arren, krisiaren jatorria zaharragoa da. Gaur egun bizi dugun krisi ekonomikoa, 80eko hamarkadatik mundu osoari inposatu zaion eredu neo-liberalaren krisia da. Zentzu horretan, gure proiektuak alternatiba erreal bat izan nahi du: biharko Euskal Herria sozialki justua den herri bat izatea, ekonomia eta erabaki guneak berkokatzea, herriari boterea itzultzea. Horregatik, eredu ezkertiar bat eraiki nahi dugu, eredu horrek baizik berma dezakeelako gizaki ororen duintasuna.
Gazteon papera ezinbestekoa da, eta gazteriaren fatalismoa gainditzeko, alternatiba konkretuak proposatu behar ditugu eta alternatiba horien zuzentasuna frogatzeko gai izan behar gira. Horretarako ere, agenda sozialarekiko erreaktibitate handia ukan beharko dugu, etorriko diren kontra erreforma liberalen neurriei aurre egiteko eta borroka sozial ezberdinen garapen egokia segurtatzeko.

Gazteria

Gazte izaera eta hezkuntza

Euskaldun gisa, minorian gira eta abertzale gisa are gehiago. Gure izaera, gure kultura eta gure hizkuntza atxiki nahi baditugu, ezinbestekoa zaigu frantses sentitzen diren gazteekin harremanak sortzea eta garatzea. Hain zuzen ere, haiekin harremanak eraikiz gaituzte ulertuko. Gure helburua haiek euskalduntasunerat erakartzea izanik, herri oso baten zapalkuntzaz ohartaraztea da. Aitzina! gazte antolakundearen proiektua ez da ezkertiar eta abertzale diren gazteei mugatu behar. Gure proiektua Lapurdi, Xiberoa eta Baxe Nafarroan bizi diren gazte guztiei zuzendu behar zaie, gure alternatiba herritik eta herriarentzat eraiki nahi dugulako.

Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko euskaldunontzat hezkuntzaren arazoa benetan larria da. Hezkuntza sistema publikoak ez du euskarazko hezkuntza ahalbidetzen. Euskarazko hezkuntza ahalbidetzen duen ikastolen sareak laguntza gutxi ukaiteaz gain, geroz eta gehiago pairatzen ditu estatuaren erasoak, proiektua bera zalantzan emateraino.
Baxoaren ondorengo ikasketei dagokienez, euskaraz ez izateaz gain, ikasi nahi duten gazteak Euskal Herritik kanpora joatera behartzen ditu eredu zentralista frantsesak.

Errealitate honen aitzinean, Euskal Herrian eta euskaraz ikastea aldarrikatzen dugu. Horregatik, hezkuntzako eragile ezberdinekin eta ikasle mugimenduekin lanean arituko gira, jendarte zabala pairatzen ditugun eskubide urraketetaz ohartarazteko.

AITZINA :::: OINARRIAK ETA ILDOAK