NESKA GAZTEOK BORROKA FEMINISTARA !

KOLDO 08 Mar 2017,

1909ko martxoaren 8an, 146 emakume bildu ziren lantegi batean, New Yorken, helburu argi batekin : lan-sari eta lan-baldintza duinak eskuratzea. Enpresaburuak, galdetzen zutena kontuan izan gabe, lantegia berehala husteko agindu zuen. Horretarako, sute bat piztu zuten lantegi barnean,  emazteak beldurtu eta joanaraziko zituztela pentsatuz. Baina ez zen hala izan. Sua zabaldu  eta 146 langileak bertan hil ziren.

108 urte berantago ere, martxoaren 8a egun garrantzitsua da. Baina, ez zaitzatela engaina telebistako publizitate koloretsuekin. Martxoak 8a ez da besta bat, ala neskalagunari arrosa-sorta bat oparitzeko eguna. Ez ! Ez dugu deus ospatzekorik ! Egutegian ubelez margotua den egun hau bertze anitzen artean, gure aldarrikapenak zabaltzeko parada bat da ; jasaten dugun zapalkuntza lau haizetara salatzeko parada.

Zapalkuntza horri egunero aurre egin behar diogu milioika emaztek. Gizarte patriarkal honek bere esku dituen tresna guziak baliatzen ditu, gu gizonen itzalpean egon gaitezen: hezkuntza, komunikabideak, legeak,… Gizon baten lan bera eginez gutiago irabazten dugu ; zainketa-lanak inposatzen zaizkigu, gure ardura baizik ez balitz bezala ; eta espazio publikoan, gizonaren ahotsa beti entzuten da gurearen gainetik. Eta honi berdintasuna deitzen diogu?

Erran beharrik gabe, denok dakigu galdera honen erantzuna zein den. Ez, ez da berdintasuna. Baina aski da. Ez dugu gehiago horrelakorik onartuko. Parekidetasuna nahi dugu karrikan, etxean, eskolan, lanean edo bertze edonon. Eta lortu arte, ez gara isilduko. Zu ere neska, atera itzalpetik eta lotu borroka feministara !

Ez ahantz, manifestaldian ikusiko dugu elkar, arratsalde honetan 18:00tan Baionako Herriko Etxetik hasita. Zu ere behar zaitugu.

GORA BORROKA FEMINISTA!