MIARRITZE: PREZIOEN IGOERA ETA ESPEKULAZIOA

KOLDO 05 Mar 2018,
MIARRITZE:  PREZIOEN  IGOERA  ETA  ESPEKULAZIOA

Azken mende honetan, Frantses estatuak Ipar Euskal Herriari inposatutako eredu ekonomikoa zerbitzuen eta turismoaren sektorean baizik ez da zentratu. Paisaien edertasuna eta kulturaren folklorizazioa uztartuz eraiki zuten herri honen postaletako irudia eta araberako eskaintza turistikoa.

Eredu ekonomiko honek, etxebizitzaren arloari eragiten dio bete-betean. Pairatzen dugun sistema kapitalista neoliberalean, eskubidea izan behar lukeen etxebizitza, kontsumorako produktu edo ondasun ekonomiko hutsa da. Merkatu horretan esku hartzen duten agentzia, promotore eta lurjabe anitzek, haien interesari bakarrik begiratzen diote. Horrez gain, espekulazioa mugatzeko eskumena luketen instituzio publikoek ez diote heltzen biztanleriaren gehiengo baten arazoa den problematika honi. Jendartearen beharrei erantzunen dieten etxebizitza politikak behar ditugu, ez merkatuaren legeari men egiten diotenak.

Elite batek moltsak sosez betetzen dituen bitartean, parke imobiliarioa eskuraezina bertako herritar eta bereziki gazteentzat. Egunerokotasunean bizi dugu egoera honen gordintasuna: m²-en prezioak eta bigarren etxebizitzen kopuruak emendatzen segitzen du. 2014ean, Ipar Euskal Herrian etxebizitzen kopuru orokorraren *%21-a bigarren etxebizitzak ziren eta *%5,7-a etxebizitza hutsak. Gaur egun, *42 000ra iristen da bigarren etxebizitza eta etxebizitza hutsen kopurua.

Miarritze, Lapurdiko kostaldeko herri gehienak bezala, errealitate honen islada da. Bigarren etxebizitzen kopurua *%41.2-koa da bertan eta etxebizitza hutsena *%3.9-koa. X Plaza honetako m²-aren prezioa 6000€ eta 8000 €-koa da!

Honakoak dira gazteok Miarritzen eta Ipar Euskal Herriko leku anitzetan bizitzeko ditugun zailtasunak.