MACRON KANPORA !

KOLDO 12 Abe 2018,
MACRON  KANPORA  !

Euskal Herritik kanpo nahi dugun eta beste inori opa ez diogun Macronen aurpegia buruz behera agertarazi dugu gaur. Izan ere, hankaz gora jartzea helburu dugun munduaren ikurra da Frantziako lehendakaria. Non eta Miarritzeko Hotel du Palais-n… Irauli nahi dugun herri-ereduaren ikurra den luxuzko eraikinean. Eliteen interesak, turistifikazio masiboa eta bizitza prekarioa dira ustezko karta postal honen osagaiak.

Euskal Herria bisitatzeko asmoa du Macronek Abenduaren 18an. Enbaxadore ugarirekin batera, Miarritzera etorriko omen da, herritarron diruarekin ordainduriko G7ko gailurrari begirako segurtasun plana gainbegiratzera. Agorrilean itzuliko da hona Macron, munduko agintari nagusien klubeko bere laguntxoekin batera. Kapitalaren eta miseriaren ikur diren agintari hauek, bizi dugun krisi sistemikoaren erantzuletzat har ditzakegu. Herritarren, herrien eta lurraldeen desjabetzearen inguruko erabakiak hartzera datoz Miarritzera. Guk, ozen diogu, burujabe izan nahi duen herri batekin eginen dutela topo. Euskal Herritik ez dira pasako !

Zilegitasun krisia bizi du Frantziako estatuburuak. Bere alde bozkatu baino, Marine Le Penen aurka bozkatu zuen Frantziaren zati batek, abstentzio handiko hauteskundeetan. Ondotik, ordenantzen bidez gobernatzeko bideari ekin dio, 5.errepublikaren aurpegirik presidentzialistena erakutsiz. Jaka Horien mugimendu heterogeneoak, gobernuari krisi larria eragin dio. Diskurtso lausoa eta argi-ilunak izan arren, hastapeneko erregaien gaineko zergaren auziaz harago, gero-eta kutsu sozialagoa hartzen joan da mugimendua, Macronek klase aberatsenen alde sustaturiko politika orokorraren aurkako hauspoa gorpuzteraino. Nicolas Sarkozyk erretretak berrikusi zituen eta François Hollandek lan merkatua erreformatu. Lan merkatuaren flexibilizatzea eta prekarietaren areagotzearen testuinguruan, zerbitzu publikoak pribatizatzearen lekukoari heldu dio Macronek. Demokrazia pribatizazio baterantz, garraioak, ospitaleak eta orotariko zerbitzuak estatuaren eskuetatik interes pribatuetara igarotzen ari dira.

Gazteriaren bizi-baldintzen okertzearekin batera gertatzen ari da hezkuntzaren elitizazio prozesua. Unibertsitateko selekzioa eta merkantilizazioa ageri dira Macronen arbelean. Hezkuntza murrizketak gertatzen ari diren bitartean, Defentsa Ministeritzak hezkuntzan esku-hartzeko bidea ireki du Zerbitzu Nazionalak. Bina asteko derrigorrezko ikastaroa eta engaiamendu zibil edo militarra eskaintzen dizkigu Frantses Estatuak. Hala, bere autoritea indartu nahi du Errepublikaren baloreak goraipatuz.

Eskubide zibil eta politikoen inboluzioa justifikatzeko tresna da Zerbitzu Nazionala. Salbuespen egoera legez betikotu ondotik, errepresioan eta indarraren legean oinarrituriko gobernantza berria ezartzen ari da Frantses Estatua. Barne-defentsa eta segurtasun nazionala estakurutzat erabiliz, militante politikoen eta auzo txiroetako biztanleen aurka jotzen ari da boterea.

Egiturazko arrazismoa eta bazterkeria soziala sustraiturik dauden estatuan, errefuxiatuen harrera egokirik ez da egiten. Iragan kolonial luzea eta orainaldi inperialista oparoa duen Frantses Estatu honek, berak sorturiko gerla eta miseriaren ondorioz haien herrialdea utzi behar duten pertsonei ateak hesten dizkie. Laurent Nunez estatu idazkari handiustea bera Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko pasabideko kontrolak bisitatzera hurbildu zen, Errepublikaren irmotasuna bermatu nahirik. Errefuxiatuak ilegaltzat hartzen dituzte eta horiek laguntzen dituztenak ere bai. Kapitalaren zirkulazio librea eta pertsonen aurkako sorgin-ehiza daude indarrean.

Batasun nazionala hartzen du usu Macronen gobernuak ahotan. Jakobinismoaren oinordeko leiala izanik, Errepubika zatiezinaren defentsan nabarmentzen da Eliseoa. Korsikaren ordezkariei mespretxua adierazi eta Korsikako herriaren gehiengo baten aldarrikapenei entzungor egin die. Preso politikoen auzia trabaturik, Korsikako burujabetza prozesua oztopatzea du helburu.

Euskal Herrian berriz, zaharrak berri, ezagupen instituzionalaren, herrigintzako ekimenen zein gatazkaren ondorioen konponbideen alde sorturiko aliantza, elkarlan eta sinergia berriek beldurra eragin diote Frantses Estatuari. Euskal Elkargoa, Ipar Euskal Herriari eskainitako lehen eta azken instituzioa izatea nahi luke Parisek. Anartean, Seaskara aurkako erasoek, biharko herri euskaldunaren zutabe den murgiltze-ereduari mugak jartzeko nahikeria argitara ekartzen dute.

Haien parean aurpegia emanez borrokatuko gara Euskal Herriaren etsaien aurka. Gazteok, Frantses Estatuaren dominazio-sistema konplexua ukatu eta honekin konfrontatzeko ardura dugu. Baina, gure bizitzaren arlo guzietan burujabetza eta boterea eskuratzeko lubakietan ere antolatu behar dugu. Karrikan elkartuko gara, eztaidatu, sortu, eraiki, kolpatu eta irabazteko !