LAN LEGEAREN PAREAN, ESKUBIDEAK BORROKATU!

KOLDO 26 Api 2016,

INFO7 irratiko, Talaiatik saioan:

“Lan erreforma basatia datorkigu. El Khomri izeneko lan legea ez baita oharkabean pasako den erreforma arrunta. Langileriak hamarkadatan lorturiko eskubideak kentzera baitator bere burua sozialistatzat duen gobernua. Duinak ez diren lan-baldintzen orokortzea eta egiturazko prekarietatea dira ofentsiba neoliberal berri honek berekin ekar ditzakeen ondorioak. Erreforma honi aurre egiteko, sektorekako borrokak batzea ezinbestekoa da, gazte, ikasle eta langileok karrikara atera behar dugu gure ahotsa parlamentuan entzunen bada. Ez garelako bizi lan egiteko, lan egin nahi dugulako bizitzeko. Emazteak eta gazteak dira lan legearen kalteak gehien pairatuko dituztenak. Gazteok badakigu, etorkizuna jokoan dugula eta lan mundura jauzi egiterakoan izanen ditugun eskubideen defentsa irmoa egiteaz gain, eskubide berriak borrokatu behar ditugula. Hortaz, borrokaren lehen lerroan egon behar dugu. Eskubide urraketen salatzaile izanen gara.

Laister datorkigun Maiatzaren 1a ez da urteroko festa egun soil bat, sindikatuekin elkarlanean landuko dugun borroka eguna da. Langileen eskubideen defentsa egun bateko kontua ez dela jakitun gara, dinamika iraunkorrak abian ezarriko ditugu ; besteak beste, igandeko lanaren ugaritzea salatzeko. Horrez gain, erreforma edo lege batzuk gelditzeaz harago, sistema honen parean alternatibak egikaritu daitezkeela erakutsi nahi dugu. Alternatibak badaudelako. Gazte eta ez hain gazte ekimentsuak egunero ari direlako gure herri eta eskualdeetan, justizia sozialean oinarrituriko Euskal Herri burujabea eraikitzen.”