KONBOKAZIOEI UKO !

KOLDO 20 Aza 2014,
KONBOKAZIOEI  UKO  !

Joan den Urriaren 16an, AITZINA-ko kide bat atxilotu, eta bere etxea eta gure antolakundearen egoitza miatu zituen poliziak. Herri sarreretako bide seinaleak kenduz AITZINA-k urtean zehar eraman zuen desobedientzia ekintza zigortzeko xedea zuen operazio mediatiko polizialak arrakasta handia izan zuen. Arrakasta handia bai: biharamunean berean, ehundik gora gazte agertu baitziren AITZINA-ren ekintza legitimoa zela aldarrikatuz.
Egun batzuk berantago, eragile andanak adierazpen bateratua argitaratu zuen, gazte antolakundearen kontrako neurrigabeko operazioa salatuz, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala eta euskararen normalizaziorako lege babesa aldarrikatzeko.
Baina frantziar estatuak bere bidetik segitzen du eta aste honetarako, AITZINA-ko bi kide konbokatu dituzte jendarmeriara, bertan bide seinaleen lapurretaz galdezkatuak izan daitezen. Jarrera hau ulertezina eta onartezina da guretzat.
Orain dela urte bete gazte ezkertiar eta abertzaleek bide berri bat abiatu genuen Ipar Euskal Herrian, bestelako eredu ekonomiko batean oinarritutako Euskal Herri baten alde eremu ezberdinetako gazteak batu eta desobedientziaren apustua eginez.
Estatuak haatik, betiko eskeman segitzen du oraindik, gazteak zatituz eta kriminalizatuz. Helburua argia da: Ipar Euskal Herriko gazteen zati bat estigmatizatu eta besteengandik bazter uztea.
Horregatik, gaurkoan beste behin, gure jardunaren legitimitatea berretsi nahi dugu: Euskal Herriak ezagupena behar du, euskarak lege babesa behar du. Zinezko neurririk hartuko ez den bitartean, ekintza sinboliko eta ikusgarriak burutuz, botere publikoen interpelatze lanean segituko dugu.
Argi entzun gaitzatela: ez gira beren jokoan sartuko! Konbokazioetara ez gira aurkeztuko! Balia ditzatela gure segika aritzeko erabiltzen dituzten denbora eta dirua gure herrietako seinaleak euskalduntzeko.
Guk gure aldetik, horretan segituko dugu eta gaurdanik ondoko hitzordua jakinarazi nahi dizuegu: Abenduaren 23an, Ipar Euskal Herri mailako ekimen ikusgarria burutuko dugu.
Horretarako, larunbat honetan Azaroaren 22an, bilkura berezia burutuko dugu Hazparneko Ttattola gaztetxean, 14:00etan, konbokazioei erantzuna eta hemendik aitzinako dinamikak bultzatu eta prestatzeko. Parte hartu nahi duen gazte orori deia luzatzen diogu bertara etortzeko.