ITZALPETIK BORROKA FEMINISTARA!

KOLDO 25 Aza 2016,
ITZALPETIK  BORROKA  FEMINISTARA!

« Gaur, azaroak 25, goizeko zazpiak euskal irratietan, egun on. Emazteenganako bortizkeriaren aurkako nazioarteko eguna dugu gaur.. ».

Goiz honetan ere, irratiko ahotsak iratzarri nau. Azaroaren 25a. Duela 56 urte, egun hori hautatu zen bortizkeria matxista borrokatzeko egun sinboliko gisa. Bost hamarkadaren ondotik,  oraindik ere gure agendetan presente den eguna dugu gaurkoa. Milioika emaztek pairatzen dugun eguneroko bortizkeria erreala da. Eskelaz eskela, gertatu diren erailketa guzien agertzeko orrialde aski ez dute egunkariak, « ustezko erasoetaz » mintzo dira. Gure larruan, ene larruan, zure larruan bizi izan ditugu sistema patriarkalak eragin dituen bortizkeriak. Agerikoagoak edo inplizituagoak izan daitezke. Oharkabean gertatzen diren erasoak dira jendarte patriarkal honetan errotutako jarreren erakusgarririk argiena.

Aurten, 7 erailketa matxista gertatu dira Euskal Herrian. Apirilean, Bidarten gertatutako erailketa matxista “familia dramatzat” jo zuen auzitegiak. Baionako bestetan aurten ere, bilan ofizialetan bi bortxaketa eta bi eraso sexista plazaratu dira eta generoko indarkeria kasu bat. Denok dakigu, erasoak kontaezinak izan direla aurten ere Baiona gizonen sexurako jolastoki bilakatzen den festa egun horietan. Baiona hartu ohi dugu adibidetzat, baina herriko festa orotan gertatzen dira antzeko egoerak. Horregatik, feministok festak eta gauak gureak direla aldarrikatzen segituko dugu; Durango ostatu batean erasotuko gaituen matxista ororen gainetik. Ez ditzagun ahantz ainitzetan umoreari lotzen ditugun txiste matxistak, irain sexistak, baimenik gabeko ferekak.. Hauek ere eraso matxistak dira.

Erasotuak gogoan izan nahi ditugu gaur. Sistema patriarkalaren sareetan hil direnak gogora eraman nahi ditugu. Baina ez gara belauniko egonen, borrokatzeko indarrez beteko ditugu gorputzak. Bizi dugun sistemak zilegitzen duen bortizkeria matxista behin betiko lurperatuko ditugu. Emazte gazteok antolatuko gara itzalpetik borroka feministara pasatzeko, erasotzaileei aurre egin eta zapalkuntzak irauliz aske izateko.[/vc_column_text][/vc_column][/vc_row]