(IN)JUSTIZIA PATRIARKALAREN AURREAN, SARETZE FEMINISTA !

KOLDO 29 Aza 2018,
(IN)JUSTIZIA  PATRIARKALAREN  AURREAN,  SARETZE  FEMINISTA  !

Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna: Euskal Herriko mugimendu feministaren irakurketa: 

Nazkatuta gaude. Ahotsa kentzen digute, gure eskubideak gutxiesten dituzte eta gu akabatzen ari dira, beraz, bai, nazkatuta gaude. Euskal Herrian, aurten, 7 emakume* erail dituzte, eta eraso matxistak egunetik egunera areagotzen dira.

Justiziak, ustez, gu babesten gaitu, eta kontra egiten dio indarkeria matxistari, baina, benetan, heteropatriarkala da, eta halako logika bortitz, zapaltzaile eta baztertzaile batzuetan oinarritzen da. Eta ez da inondik ere indarkeria matxista deuseztatzen ari. Halako gertaeren aurrean, zigorgabetasun osoz ari dira denak: erasotzaileak, instituzio publikoak, sistema kapitalista eta justizia; eta horrek ikaratzen bagaitu ere, ez gara geldituko.

Erlijioek, kapitalismoak eta sasi-demokraziek objektutzat hartzen gaituzte emakumeok*, eta horiek inposatzen diguten genero-aginduari egin behar diogu men; ez gaituzte eskubideen subjektutzat hartzen, eta gure ahotsak isilarazten dituzte.

Ez dugu halako justizia patriarkalik nahi: ez gaitu babesten, epaitu egiten gaitu; ez ditu gure testigantzak sinesten eta erasotzaileak babesten ditu. Justizia feminista bat, horixe nahi dugu, eta erdigunean jar dezala emakumeok indarkeriarik gabeko bizitzak bizitzeko eskubidea.

Horregatik, aurten, lema hau aldarrikatuko dugu: “INJUSTIZIA PATRIARKALAREN GAINETIK, SARETZE FEMINISTA”. Hemendik aurrera, ez dugu diskurtso hutsalik onartuko, ez eta posizionamendu faltsurik eta minutu bateko isilunerik ere, ez baitute ezertarako balio. Krimen matxistak gertatzen direnean, instituzioek arbuiatu egiten dituzte, baina, gero, ez dute behar adinako baliabiderik eskaintzen indarkeria deuseztatzeko, eta, ez hori bakarrik, ardura denona dela esaten dute oraindik ere, hala emakumeena nola gizonena. Ez dute konponbiderik ematen; guztiz kontrara, babesik gabe uzten gaituzte.

Eta, hala, egunero bizi dugu indarkeria matxista, natural-natural. Eta emakumeok indarkeria salatzen badugu, ahalegin handi eta mingarri bat eginez salatu ere, hara non, areago biktimizatzen gaituzte: instituzioek zalantzan jartzen dute gure hitza, eta, sarri ikusi dugun moduan, sistema, epaile eta komunikabide guztiz matxista eta patriarkalek guri egozten digute errua, eta, batzuetan, gainera, lotsarik gabe jartzen dira erasotzaileen alde.

Hau guztia ez da kasualitatea, ez: sistema kapitalista heteropatriarkalari eusteko behar-beharrezkoa den menderakuntza-sistema baten emaitza da. Puzzle beraren piezak dira hauek guztiak, eta gure bizitzaren esparru guztietan eragiten dute: lanaren banaketa sexuala, emakumeek dohainik egiten dituzten lan erreproduktiboen ikusezintasuna, lanik prekarioak, gure gorputzen gaineko kontrola, markatutako bidetik ateraz gero jasotzen dugun indarkeria, gure kontra jazarpena eta erasoak baliatzea gu kontrolatzeko, feminizidioak, zigorgabetasuna1

Hau guztia ez da justizian bakarrik gertatzen, beste arlo batzuetan ere gertatzen da:

– Komunikabideek gu jotzen gaituzte erruduntzat, emakumeak*.
– Instituzio publikoak apain-apain joaten dira indarkeria matxistak arbuiatzera, baina, aldi berean, gure mobilizazioak boikoteatzen eta debekatzen dituzte, eta gure ekintzak salatzen.
– Instituzioek, berez, bizitza justuago eta osasuntsuagoak eman beharko lizkigukete; aitzitik, indarkeria erabiltzen dute gure kontra, hainbat modutara erabili ere: emakume pentsiodunen eskubideak ukatzen dituzte, ez dutelako kotizatu; indarkeria erabiltzen dute atzerritarrak barneratzeko zentroetan dauden emakumeen kontra; emakume aktibistak torturatzen dituzte (askori tortura sexualak egin dizkiete, gainera); ez dituzte aintzat hartzen preso dauden emakumeen eta amen eskubideak eta beharrak; emakumeak botatzen dituzten beren etxeetatik; osasun-arloko diru-laguntzak murrizten dituzte, eta ginekologia-kontsultak gutxiagotzen; sexu-langileen antolatzeko eskubidea ukatzen dute; etxeko langileei ez diete lan-baldintza duinik ematen1
– Gizonek eraso egiten digute sare sozialetan.
– Batzuetan, halako eraso matxistak sotilak dira; beste batzuetan, ordea, guztiz agerikoak dira: aurrekontuak murrizten dituzte, pentsioak ere bai, bortxaketaren kultura zabaltzen dute eta abar.

Hori guztia ikusirik, argi dago, oraindik ere, martxan dagoela indarkeria matxistaren adierazpenik bortitzena: sorgin-ehiza eta emakumeon* sarraski sistematikoa. Denoi eragiten digu, baina, bereziki, migranteei eta errefuxiatuei eragiten die, eta emakume arrazializatuei: emakume horiek egunero- egunero egin behar diete aurre estereotipo matxistei, bazterkeria soziala pairatzen dute, eta, ondorioz, indarkeria bikoitza edo hirukoitza jasaten dute.

Gainera, zenbait mugimenduk ez dute onartu sistema honek haserretzen gaituela eta sistema bera aldatu behar dugula; aitzitik, diskurtso feminista eta justizia patriarkalaren azken eskandaluak aprobetxatu dituzte, zertarako eta beren logika zigor-zalea hauspotzeko. Haien arabera, kartzela urte gehiago ezarri, eta hala konponduko da arazoa. Mugimendu feministako kideok, ordea, ondotxo ezagutzen ditugu kartzelak, eta gure konponbidea ez da hori. Hezkidetzan eta kalitatezko politika feministetan, horietan sinesten dugu guk.

Guk, ordea, zutik jarraitzen dugu: guk, emakumeok*, aurre egiten diegu injustiziei eta tinko borrokatzen gara multinazional handien aurka eta hango eta hemengo estatu-terrorismoen kontra. Guk, emakumeok, torturak eta inkomunikazioak jasan ditugu, eta bizirik gaude; gu, emakumeok, gizarteratzeko balio ez duten kartzeletan gaude preso. Guk, emakumeok*, borrokan jarraitzen dugu, eta badugu mundu berri bat eraikitzeko itxaropena.

Guk, emakumeok*, askotariko indarkeriak jasan ditugu, eta bizirik gaude: indarkeria ekonomikoa, lanekoa, sexuala, psikologikoa, instituzionala, fisikoa… Gu denok aliaturik gaude kapitalismo heteropatriarkalaren basakeriaren aurka.

Hitz hauek zuretzat dira, aditu itzazu zure isiltasunaren barruan, gure garrasiarekin hautsi nahi dugu zure beldurraren pareta. Iaz aldarrikatu moduan, guk sinesten dizugu, geure haragitan bizi izan dugulako zure historia, eta horregatik gaude hemen, hauxe esateko: ez zaude bakarrik, eta denon artean ari gara gure kateak apurtzen eta libre ibiltzen.

Aurten, Euskal Herriko mugimendu feministako kideok erakutsi dugu milaka garela, eta horren froga dira aurten egin ditugun mobilizazioak. Horrek ematen digu zilegitasuna, eta hortik abiatuta eskatu nahi ditugu BALIABIDE GEHIAGO ETA MINUTU BATEKO ISILUNE GUTXIAGO; eskatu nahi dugu modu transbertsalean lan egin dadila alor guztietan, eta behar adina baliabide eman ditzatela indarkeria matxistaren prebentzioa egiteko, erantzun instituzionalean ikuspegi feminista txertatzeko eta arreta hobetzeko, baliabide material eta pertsonalak areagotuz. Horregatik, A25 honetan, honako hauek salatu nahi ditugu:

  • –  Emakumeon* laneko prekarietatea salatu nahi dugu, hala nola soldata arrakala. Eta gure babesa agertu nahi diegu lan arloko borrokak egiten ari diren emakume* antolatu horiei guztiei, batez ere zerbitzuen sektorean (zaintzen sektorea, garbitzaileen sektorea, pentsiodunak etab.).
  • –  Egiturazko bazterkeria salatu nahi dugu, horren ondorioz emakumeok* lan erreproduktiboak eta zaintza-lanak baino ezin baititugu egin.
  • –  Hauxe salatu nahi dugu: zenbait instituziok aldarrikapen handiusteak egiten dituztela A25ean eta M8an, baina, gero, egunerokoan, matxismo egoerak baimentzen dituztela.
  • –  Instituzio politikoei, legislatiboei eta judizialei eskatu nahi diegu hel diezaiotela gaiari eta urratsak egin ditzatela emakumeon* aurkako indarkeria sistematikoaren errealitatea aldatzeko.
  • –  Hauxe salatu nahi dugu: instituzioek ez dutela txintik esan Kote Cabezudoren kasuaz, eta ez diotela babesik eman Donostian inoiz gertatu den sexu-indarkeria sare handienaren biktimei, eta komunikabideek ere guztiz ikusezin bihurtu dituztela.

– Donostiako Udala salatu nahi dugu, aktibista feministek erailketa matxisten kontra egindako ekintza bat salatu zutelako, eta, orobat, garrantzia handiagoa eman diotelako maratoi bati, indarkeria matxistaren aurkako manifestazioari baino.

Eta, horregatik guztiagatik, hau exigitu nahi dugu:

  • –  Hezkidetza ezar dadila, derrigorrezkoa eta unibertsala, eta, horren bitartez, berdintasunari

    buruzko sentsibilizazioa eta formazioa eman dadila hezkuntza-zentroetan, proiektu pilotuetatik

    harago. Irakasleei formazioa eman diezaietela, derrigor.

  • –  Publizitate sexista kontrolatu eta zigor dadila, Genero-indarkeriaren kontrako Lege Integralean

    zehazten den eran.

  • –  Lan-baldintza duinak eta behar adinako baliabideak eman diezazkietela indarkeria matxista

    jasan duten emakumeei arreta eskaintzen dieten langileei.

  • –  Laguntza zehatza eskaini diezaietela indarkeria jasan duten eta instituzioetara laguntza bila jo

    duten emakumeei, eta behin betiko deusezta dadila emakumeen biktimizazio bikoitza.

  • –  Indarrean diren urruntze-aginduak bete daitezela, eta, horretarako, gehiago kontrolatu ditzatela

    erasotzaileak, egoera salatu duten emakumeak tutoretzapean ipini beharrean.

  • –  Genero-indarkeriari buruzko Lege Integralak biktima-izaera egiaztatzeko ezartzen dituen baldintzak alda daitezela, emakumeek babesa eta arreta jaso ahal izan dezaten nahiz eta

    salaketarik ez ipini.

  • –  Emakumeen hitza zalantzan jartzen duten eta sinesten ez duten aurreiritzi matxistarik ez dadila

    onartu inongo instantziatan.

  • –  Emakumeen aurkako indarkeria har dadila Giza Eskubideen urraketa gisa, hala ezartzen baitu

    Istanbuleko hitzarmenak.

  • –  Baliabideak egokitu daitezela emakumeen beharren arabera, horretan eragina izan dezaketen

    askotariko diskriminazioak eta aldagaiak kontuan hartuz, hala nola adina, migrazio-egoera,

    jatorria, autonomia ekonomikoa eta aniztasun funtzionala.

  • –  Indarkeria matxistaren aurkako paktuak egitean, politika feministak sortzean eta, oro har,

    berdintasuna lortzeko eta emakumeen aurkako indarkeria deuseztatzeko neurriak prestatzean, galdetu diezaiotela Mugimendu Feministari, eta kontuan har dezatela haren ekarpena, modu aktiboan.

    Gaurkoan, azaroaren 25ean, nazkatuta gaude, haserre gaude, kokoteraino gaude, eta hala atera gara kalera. Biak eskatu nahi ditugu: neurri zehatzak ezartzea eta sistema osorik aldatzea. Guk, egunero- egunero egiten dugu lan horren alde, eta, instituzioek hala egiten ez badute, aurrean topatuko gaituzte: erasotzaileen zaku berean sartuko ditugu.

    Zuen biolentziek erantzuna izango dute! AURREAN GAITUZUE! GORA BORROKA FEMINISTA!