HORTZAK ERAKUTSI !

KOLDO 24 Aza 2017,
HORTZAK  ERAKUTSI  !

Itzuli ditugu egutegiko orriak eta urte bat berantago, ate joka dugu berriz azaroaren 25a, emazteenganakoo indarkeriaren aurkako eguna. Berriz heldu zaizkigu burura urteroko lemak. Berriz ere ikusten dugu gaiari lotutako emankizunen bat edo bertze telebistan. Berriz ere irakurtzen ditugu egunkarian emakume erasotu eta hilen estatistikak. Zoritxarrez (nahiz eta jakin emakumeen zapalkuntza ez dela “zori” kontua), azaroaren 25a bukatzen da eta biharamunean ohartzen gara denak berdin segitzen duela.

Aitzinako kideok ordea, ez dugu nahi aurten horrelakorik gerta dadin. Hori dela eta, azaroaren 25erako aurreikusiak ditugun ekintzekin paraleloan, urte osoko lanketa bat gauzatu nahi dugu Ipar Euskal Herri osoan. Proiektu honen lehenbiziko ardatza, indarkeria eta eraso sexisten inguruko kontzientziazio-prozesu sakon bat izanen da. Hala, gizarteari erakutsi nahi diogu esparru fisikotik urrunago doala indarkeria. Ez da zertan kolpatu beharrik; keinu bat, esaldi bat, begirada bat aski da emakume baten askatasuna urratzeko. Ondorioz, hitzaldi, tailer eta bertzelako formakuntzen bidez, pedagogia-lan bat eramanen dugu erasoak errotik gelditzeko gisan.

Edozein gisaz, jakin badakigu eraso sexisten oinarrian den balio-sistema ez dela goizetik gauerat irauliko. Beraz, errealitate krudel honen aitzinean, baitezpadakoa zaigu emazteei erasoak identifikatu eta berauei aurre egiteko tresnak sortzea. Hala, autodefentsari leku inportantea emanen diogu gure egitasmoan. Bi pausu hartuko dira, batez ere, kontuan. Lehena, kontzientziazio-prozesua izanen da: emazteei erasoak identifikatzeko gakoak emanen dizkiegu. Ondotik, indarkeria hori gainditzeko baliabideak ematen ahaleginduko gara, bai indibidualki (norbere buruaren ezagutzan sakontzea, autoestimua garatzea,…) eta bai kolektiboki (emazteen arteko saretzea, elkar zaintza,…). Hari beretik, Euskal Herri osoko neska gazteok sentitzen dugun formakuntza eskasa bati erantzuteko tresnak lortzea izanen dugu ere helburu aurten. Irailean iragan ziren udaleku feministetatik atera diren ekarpen eta kezkak kontuan harturik, elkarlanean Ernaiko lan talde feminista eta Hego Euskal Herriko talde feministekin batera, gabezi honi erantzuna ematen ahaleginduko gira ikasturte honetan.

Formakuntzaz gain, erasoei aurka egiteko baliabideak eskainiko ditugu protokolo bat ere finkatuz. Izan ere, protokolo horri esker, erasoen aitzinean pasibo egoten direnak aktibatu nahi ditugu, erasotzaileari zilegitasuna kendu eta erasotua babes dezaten. Jakinez, hortaz gain, besta giroan direla jarrera horiek gehienik agertzen,  komite, gaztetxe eta kultura-elkarteekin jarriko gara harremanetan. Eragileei formakuntzan laguntzea eta protokolo eredu bat proposatzea izanen da helburua.

Aurtengo azaroaren 25a kari orduan, indarkeriak hamaika aurpegi dituela ikustarazi nahi dugu Euskal Herriko txoko guzietan. Bortizkeria uste baino anitzez gehiago dela ohartzeaz gain, honi aurre egiteko tresnak eskaintzea ere beharrezkoa dela iruditu zaigu. Horretarako, autodefentsa feminista tailer bat antolatu dugu Baionako Zizpa gaztetxean, Emagineko kideekin batera. Arazo bat badela argiki erran dezagun behingoz, eta hau iraultzeko gai sentitu gaitezen. Ez hezan duda eta haugi! Larunbatean ikusiko dinagu elkar!

Gora borroka feminista!