HERRIAN ERABAKI ETA EKIN

admin 23 Abe 2014,

Azken hilabeteetan irakurri, ikusi edota entzun ahal izan duzuen bezala, gure herrien izenak frantsesten dituzten panelak kendu eta uztailaren 14ean Pariserako bidean jarri ginituen. Euskal Herriaren IZENA eta IZANA, zati ezinak zirela plazaratu ginuen orduan, bi aldarri aitzina eramanez : euskarak beharrezkoa duen lege babesa eta gure lurralde historikoaren ezagupen instituzionala.

Gaur panelak kentzetik, 15 bide seinaleren jartzera pasa gira. Oztopoak oztopo, borrokarako dugun grina eta konpromisoaren seinaleak izan daitezela hauek. Zer leporatuko digute gaurkoan, hoiena den lana guk egitea ez bada?! Baina errepresioari erantzun ezin hobea emateaz gain, ekimen hunek mezu garrantzitsuago bat dakar. Xiberoa, Baxe Nafarroa, Lapurdi eta Euskal Herria izendatuz, gure lurraldea partikularritatez jositako subjektu aparta dela azpimarratu nahi ginuen. Hizkuntza, kultura edota nortasun berezia izateaz gain Ipar Euskal Herriak, behar sozio-ekonomiko berezituak ditu.
Gaur egungo antolaketa administratibo zentralizatuak ordea, ez ditu behar hauek aintzat hartzen, kontrakoa. Turismoaren eredu ekonomiko bakarra inposatzen digu Parisek, Ipar Euskal Herriak beste baliabiderik ez duela sinestaraziz gainera. Zerbitzuen sektorea areagotu eta laborantza edota arrantza alde batera utzi nahi ditu. Eredu horrek, gazteentzako suposatzen dituen sarraskiekin nola ez : sasoineko lan prekarioa, lurralde garapen desegokiak eragindako barnekaldearen desertifikazioa, etb… . Eta zer erran maila supra nazionalean, gure iritzirik galdegin gabe ere hartzen dituzten erabakietaz? Hortxe dugu TAFTAren adibidea. Multinazionalekin batera, Europar Batasuneko eta Amerikako Estatu Batuetako buruak, gordezka negoziatzen ibiltzen dira gizarte hau nola hobekio ustiatu adostu nahiean.

Egoera huni, aterabide bakarra dela diogu : lokalki erabaki eta ekitea. Ezagupen instituzionalak leku garrantzitsua du beraz, bertako biztanleriaren iritziz gure lurraldearen garapenaz erabaki ahal izateko. Baina instituzioetati haratago beste tresna eraginkor bat ere bada, gaur argitara eraman duguna : HERRIAN EKITEA, auzo batetik bestera guhaurek alternatibak sortzea. Hau da hain xuxen ere, 2015 urte politikorako AITZINAk egiten duen apostua.
Ipar Euskal Herriko gazteria oinarri, gure eginbeharren gauzatzerako beste bi tresna ere jarriko ditugu martxan : formakuntzak lehenik, eraiki nahi dugun gizarte eredu horren mamia izan beharko baitu eta Euskal Herriko gazteen arteko trukaketak bestetik, Euskal Herria baitugu jomugan, Euskal Herria helburu.