GURE HIZKUNTZA, GURE HEZKUNTZA !

KOLDO 29 maiatza 2018,
GURE  HIZKUNTZA,  GURE  HEZKUNTZA  !

Gaur egun, Paue, Bordele eta Parisen hartzen dira hezkuntza sistemari eta hizkuntza politikari buruzko erabakiak. Euskal Herrian euskaraz ikasi eta irakasteko, ezinbestekoa zaigu gure hizkuntza eta gure hezkuntzari buruz bertan erabakitzea.

Heldu den urtean 50 urte beteko dira guraso talde batek Arrangoitzen Ipar Euskal Herriko lehen ikastola sortu zuenetik. Hamarkadaz hamarkada, herritar kopuru ikaragarriak egin du lan Lapurdi, Baxe-Nafarroa eta Xiberoan euskaraz eta euskaratik egiten den hezkuntzaren alde. Euskararen biziberritzea herri-ekimenaren fruitua izan da Ipar Euskal Herrian. Egun, 3.700 ikasle dira Seaskaren 37 ikastola, kolegio eta lizeoetan euskaraz ikasten, instituzioak ezarritako oztopoen gainetik.

Traba horiek jasateko ohitura dute Seaskako ikasleek, ikasgela prefabrikatuetan, egoera ezin okerragoan ikasiz, adibidez. Adibide soil bat da hori, iaz kolegioetako hirugarreneko ikasleei Hezkuntza Ministeritzak Brebeteko azterketa berri bat frantsesez aurkeztea inposatu nahi izan baitzien. Bertze behin ere, ikasle, irakasle, guraso eta euskaltzaleon indarrez, eta batez ere, ikasleen desobedientziari esker, zientzietako azterketa euskaraz egitea onartua izan zen. Baxoa euskaraz egiteko ezintasunaren parean, urteak daramatzate Etxepareko ikasleek eta Seaskak borrokan, hizkuntza gutiagotuei lekurik tipiena ere uzten ez dien frantses Hezkuntza Ministeritzaren aitzinean. Ipar Euskal Herrian, Ikastolak nehoiz ikusi gabeko hazkundean izaten ari diren honetan, hamaikagarren traba eman nahi dio Parisek Seaskari; Heldu den urtean 230 ikasle berri aurreikusten diren arren, ez dio irakasle postu berririk eman nahi.

Ezin dugu onartu ikastoletan ikasgela bakoitzean 29 eta 50 haur artean izatea, kolegioetan,  36 eta 47 ikasle artean eta lizeoan 39 ikaslekoetan egotea, ezta Ipar Euskal Herrian euskaraz lehen aldiz sortu diren lizeoko bi sail profesionalen desagerpena ere. Ezin dugu onartu Seaskako ikasleek ikas-baldintza duinik ez izatea, ezin dugu onartu euskaldunak bigarren mailako herritar gisara hartzea.

Gaur egun, Paue, Bordele eta Parisen hartzen dira hezkuntza sistemari eta hizkuntza politikari buruzko erabakiak. Euskal Herrian euskaraz ikasi eta irakasteko, ezinbestekoa zaigu gure hizkuntza eta gure hezkuntzari buruz bertan erabakitzea.Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskal Hirigune Elkargoaren sorrerari jarraikiz eta Seaskak egin aldarrikapenarekin batuz, lehen urrats gisara,  Ipar Euskal Herrian Akademia Ikuskaritza propioa behar duela azpimarratzen dugu.

Murgiltze ereduaren eta euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako eraso honen aitzinean, euskal gazteriari mobilizatzeko deia luzatzen diogu. Seaskaren deialdiei adi egon eta maiatzaren 4an, denak karrikara!