GUK EUSKARAREN OFIZIALTASUNA!

KOLDO 31 maiatza 2017,
GUK  EUSKARAREN  OFIZIALTASUNA!

Frantses bandera batekin ahoa estalirik egin dugu gaur bidea. Ekimen honen bidez, egunerokoan isilik nahi gaituztela salatu dugu. SNCF geltokitik, epaitegitik eta Kontseilu Orokorretik abiatu dira gazte andanarekin osaturiko zutabeak. Euskal hiztunon eskubideen aurka egiten duten enpresa, organo eta instituzioak seinalatzeko balio dezala argazkiak. Nola ez, suprefeturan eman diogu bukaera ekimenari, 50 bat gazte bertan elkartuz. Hizkuntza bakartzat frantsesa duen errepublikaren zaindarien egoitzan, « Guk Euskararen ofizialtasuna ! » egin dugu aldarri.

Liberté dioten arren, guk badakigu euskaraz ikasi eta bizitzeko askatasuna egunero mugatzen digutela. Fraternité dioten arren, guk badakigu haurridetasuna edo Euskal Herrian bizirik dirauen komunitate-izaera deusestu nahi dutela ; bide batez, kultura globalizatuan asimilatuz. Baina bereziki, Egalité dioten arren, guk badakigu berdintasunaren izenean euskal hiztunoi ukatzen dizkiguten eskubideak direla berdintasun ezaren erakuslerik adierazgarriena. Ahalgerik gabe oroitarazi dezagun hizkuntz-politika honek bigarren mailako hiztunak izatera garamatzala. Euskaldunok bigarren mailako hiritarrak gira.

Funtsean, euskaraz bizitzearen alde borroka egitea, justiziaren alde egitea ere bada. Justiziak haatik, berehala zangopilatu ohi ditu euskararen ofizialtasuna egikaritzeko abiaturiko ekimenak ; Uztaritzeko Herriko Etxearena kasu. Hala ere, Uztaritzeko proposamenak bidea zein den erakutsi digu eta soilik desobedientziari ekinez irabaziko ditugu euskaraz bizitzeko eremuak. Euskal Elkargoak ere, erabaki ausartak hartuz bide-urratzailea izan behar du. Hizkuntz-politika aldatzea, borondate kontua baizik ez baita. Zentzu horretan, euskararen ezagupenaren aldeko herri-presioa areagotu eta entzunaraztea dagokigu.

Egun beste jomuga batzuk hautatu arren, unibertsitateko ikasgela batetik ere ahoa estalirik ateratzen ahalko ginen ekimen honetan. Gure artean izan ditugu, unibertsitateko-ikasketak euskaraz egiteko aukerarik ez duten ikasle ugari. Izan ere, garai bateko erdeinuak hor dirau, euskarak ez du balio goi-mailako jakintzarako edo ikerketarako. Izan zaitez beraz, ikasle frantses normala eta jakintza unibertsala jasoz, Pauen, Bordelen edo Tolosan ikas ezazu zure herritik kanpora joanez. Fatalitate horri men ez egiteko behar du Ipar Euskal Herriak euskarazko unibertsitate propioa. Gure artean izan ditugu era berean, bi asteren buruan Baxoa abantzu osoki frantsesez pasako duten Etxepareko ikasleak. Baxoa frantsez pasatzeak, Lizeoko urteetan ikasgai anitz frantsesez landu beharra eragiten du. Horregatik, Baxoa Euskaraz mugimenduko kideak tinko eta irudimentsu ari dira borrokan euskaraz ikasteko eskubidea defendatzen.

« La république nous baîllone, Guk euskararen ofizialtasuna » lelopean ekimen sinbolikoa burutu badugu ere, anbizio gehiagoko dinamika baten hastapena besterik ez da hau. Nehori baimenik eskatu gabe, euskararen erabilera sustatzeko zinezko alternatibak plazaratuko ditugu epe laburrean.

Uztailaren 14ko manifestakzioan eta kanpaina osoan zehar, gure bizitzako arlo orotan burujabe izatea helburutzat dugula aldarrikatuko dugu. Hain zuzen ere, euskara gure herri-izaeraren ezaugarririk nagusiena denez, frantsesa inposatzen digute aldiro, eskubide osoz euskaldunak izan nahi dugula adieraziko dugu.

Baionako suprefeturatik, Uztailaren 14ko mobilizazioan eta aitzinetik eginen ditugun ekimenetan parte-hartzera deitzen dugu euskal gazteria.

Burujabe izateko, Guk Euskal Herria !