GUK BIZI BALDINTZA DUINAK!

KOLDO 02 maiatza 2017,
GUK  BIZI  BALDINTZA  DUINAK!

Eskolatik lan mundurako jauzia ekuazio errez baten bidez azaldu ziguten. CAPak, BTSak, lizentziak, masterrak egin eta lan aukera andana izanen duzue. Gure gurasoek baino bizi-maila hobea lortuko genuenaren segurtamena 2007ko krisia lehertu zenean bukatu zen. Orduz geroztik, bankuak salbatu eta herritarren bizitza hipotekatzeko hautua egin dute Frantzia eta Espainiako estatu kapitalistek. Hala, bizitzaren eta kapitalaren arteko talka nehoiz baino nabarmenagoa bilkatu da. Murrizketak bata bestearen gibeletik aplikatu dizkigute, gehiengo bat are gehiago pobretu eta gutiengo bat are gehiago aberastuz.

Gazteak eta emazteak gira eraso neoliberal horiek molde gordinenean pairatzen dituztenak. Gazteak eta emazteak gira herri honetako sektorerik prekarioena. Aprendizgoko kontratuak, ordaindu gabeko ikastaldiak, zerbitzu zibikoak, aldi baterako kontratuak, CDDak… horiek dira miseriara kondenatzen gaituzten hitzarmen zikinak. Bere ikasketak ordaintzeko gauez lan egin behar duenak edo emaztea izateagatik lankideek baino heren bat gutiago irabazten duenak nola so egiten dio geroari ?  Lanik eta etxerik ez duenak ez du beldurrik.

Langileek haien buru, esku eta bihotzekin erdietsiriko eskubideak defendatzeko ausardia dugu gazteek, baita eskubide berriak hartzeko determinazioa ere. Gu izan ginen CPEa gelditu zutenak, guk atxiki dugu Lan Legearen aurkako borroken lehen lerroa. Oldartzeko prest gira, gure geroa ez dugu hain merke salduko. Gure bizi-proiektua eraikitzeko, emantzipatzeko,bizi-baldintza duinak borrokatuko ditugu. Esplotatzaileak eta espekulatzaileak jaun eta jabe dira gure herrian. Hain Frantses eta Espainiarrak ez balira, haien aberria dirua dela pentsatuko genuke. Merkatuaren legea arau bakartzat duten estatuen babespean gustora bizi direnek, ez dute nahi langile gazteek bertan erabakitzerik. Ez dute nahi guk Euskal Herrian molde duinean lan, bizi eta ikastea posible dela sinesterik.

Duda izpirik gabe, faxismoari eta neoliberalismoari aurre eginen diogula adierazi nahi diegu. Etsaia eta etsaiaren artean hautatu behar dugu : Macron edo Le Pen. Baina frantses nazionalismo atzerakoienak bezain bat higuintzen gaitu kapitalaren frente errepublikarrak. Euskal Herrian lan egiten duen orok Euskal Herri langilea osatzea duela oroitarazteko egun ezinhobea da maiatzaren 1a. Langile gazteen nahi eta beharrei erantzuteko molde bakarra delako, diskriminazioak deuseztuz eta elkartasuna oinarri izanik urratuko dugu gure herriaren burujabetzaren bidea.