GAZTEOK DUGU GAKOA !

KOLDO 12 Ots 2019,
GAZTEOK  DUGU  GAKOA  !

2019ko Urtarrilaren 12an Baionan egin den “Orain presoak” manifestaldirako deialdi bateratua egin genuen Azia, EHZ, ELB gazte eta Donapaleu, Garazi, Makea, Luhuso, Itxasu, Kabo, Hazparne, Baiona, Azkaine, Donibane Lohitzune, Sara et Miarritzeko Gaztetxeekin batera.

 

Urtarrilaren 12an, milaka lagun bilduko gira Baiona eta Bilboko karriketan, « Orain presoak » aldarria aho batez oihukatzeko. Armagabetzearen eta ETAren disoluzioaren ondotik, gatazkaren konponbidean aitzinatzeko hurrengo urratsa euskal presoen egoera konpontzea dela adierazi nahi dugu. Jendarte zibilaren eta eragile politikoen gehiengo handi batek bere egiten duen aldarrikapena da « Orain presoak ».

Euskal Herriko gatazka armatuaz mintzatzea, iraganaz aritzea dela pentsatu ohi dugu usu. Baina herri honen oraina eta geroa giren gazteok, iragana ahantzi gabe gaurko eta biharko erronkei so egin nahi diegu. Gatazka armaturik eta honek dakarren sufrimendurik gabeko herrian bizi nahi dugu. Horretarako, euskal presoak etxeratzeko bidean, aplikatzen zaizkien salbuespen neurriekin bukatzea da gakoa. Horrez gain, ezinbestekoa da alde guzietako biktimen erronozimendua. Izan ere, gaur egungo egoera ez da bake justu eta iraunkor baterako oinarri egokia.

Euskal ordezkaritzaren arteko elkarrizketak eten direla jakin berri dugu. Iduriz, blokeo egoera berri bat sortu da presoen gaian. Iazko Parisko mobilizazio arrakastatsuaz geroztik gertaturiko presoen hurbilketak baikorki baloratzen ditugu, baina baita bide horretan aitzina egitea funtsezkoa dela adierazi ere. Preso eriak askatzea, baldintzapeko askatasun eskaerak onartzea eta emazte presoak batu eta hurbiltzeko aukerak idekitzea aldarrikatzen dugu.