GAZTE BOZKA EZKERTIAR, ABERTZALE ETA EKOLOGISTA !

admin 10 Mar 2020,
GAZTE BOZKA EZKERTIAR, ABERTZALE ETA EKOLOGISTA !

Notabilismoaren eta jakobinismoaren aroarekin bukatzeko tenorea jin da.

Heldu diren herriko bozetan, Aitzina gazte antolakundeak, EH BAIk babestutako zerrenda abertzale, ezkertiar eta ekologisten alde bozkatzera deitzen ditu gazteak. Notabilismoaren eta jakobinismoaren aroarekin bukatzeko tenorea jin da. Gazteok politika eraldatzaileak kokatu behar ditugu erdigunean.  Gure eginkizuna da eskumen urriak dituzten instituzioen posibleen eremua hedatzea, nola instituzioen barnetik, hala karrikatik. Azken finean, gure bizitzen gaineko erabakimena berreskuratzea dago jokoan.

Ikasle zein langile gazte prekarioenen bizi-baldintzak hobetzeko eta herrian emantzipatu ahal izateko, alokairu mugatu ala sozialen hedapena, bertako enpleguaren sustapena eta diru-sarrerak bermatzeko laguntza bereziak aldarrikatzen ditugu. Trantsizio ekologiko lokala dugu etorkizun bizigarrirako berme ; norbanakoon bizi-ohituren aldaketaz gain, instituzio hurbilen esku dago bertako laborantza eta hazkuntza biologikoari biziaraztea, garraio publikoak  garatzea edo energia-kontsumo apaleko etxebizitzak lehenestea. Asimilazio saiakeren eta folklorizazioaren oztopoak gaindituz, euskararen ezagutza hedatu eta erabilera plazararen erdigunera erama nahi dugu gazteok kulturan ; hortaz, hezkuntzan, lan-munduan, aisialdian eta kulturan euskaraz bizitzeko aukerak aldarrikatzen ditugu. Diskurtso eta praktika feministak ere landu daitezke maila lokalean, berdintasun planek zentzua har dezaten jendarte pratriarkalari alternatibak sortu nahi dizkion neska gazte belaunaldiarengan.

Lehen aldiz, boz hauetan, Euskal Elkargorako ordezkariak ere hautatuko ditugu.  Hiru urte bete berri dituen instituzio honek ez du Ipar Euskal Herria mapan jartzeko soilik balio. Lurralde honetan erabakitzearen aldeko zentzu komuna indartzen joateko mugarria da. Pauera eta Bordelera gutiago begiratzeko gomita. Ipar Euskal Herriko eskalari garrantzia eman bai, baina anbizio behar dugu; anbizioa, herri eta eskualdeetan zentraturiko poltikak egiteko, anbizioa, EAE eta Nafarroarekiko arlo orotako harremanak berreraikitzeko. Euskal Elkargoa ez zaigu aski, jorra dezagun bada alternatiben, kontraboterearen eta herrigintzaren ildoa : Lurralde Kolektibitatea, Unibertsitate propioa, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen onarpena, euskararen ofizialtasuna, lan-harremanetarako negoziazio eremua…

Hargatik eman behar diegu babesa zerrenda abertzale, ezkertiar eta ekologistei. Gure aldarrikapenak bere egiten dituzten zerrendak direlako eta 6 urtez behin bozka emateaz gain, gazte eta herri mugimenduarekin elkarlanean arituko diren pertsonez osatuak direlako. Zerrenda hauek soilik bermatuko dute bestelako jendarte-eredu sozial eta ekologikoa oinarrian duen burujabetza prozesuan aitzinapausoak egitea.