GAZTEOK HAMAIKA EGUNEZ EUSKARAREN HERRIA ERAIKITZEN

KOLDO 23 Aza 2018,
GAZTEOK  HAMAIKA  EGUNEZ  EUSKARAREN  HERRIA  ERAIKITZEN

Aitzina eta Ernaiko kideok euskaraldiarekin bat…

Euskararen aldi gisa definitu dute askok eta askok Euskaraldia. Guk ordea, badakigu euskarak ez duela aldirik, haren alde etengabe borrokotzeaz gain, borrokarako darabilgun tresna baita. Gaur hasi da Euskaraldia eta Euskal Herri euskaldun baten alde borrokatzen dugun gazteok ezinbesteko dugu bertan parte hartzea, gogoz eta ilusioz, konpromezuz eta zuhurtziaz. Izan ere, zenbait harreman-ohitura eta horrekin batera hizkuntza ohiturak aldatzeko lehen pausua izan daiteke, leku arrotzenetan ere euskaldunon sareak sortzen hastekoa, komunitatea ehuntzen joan eta txapak kale eta instituzioetatik desagertzen direnean ere, euskaratik eta euskaraz bizitzeko borrokan salto bat aurrera ematekoa.

Jakina da, lurralde batzuetan instituzioek egitasmoa bereganatu nahi izan dutela, euren burua zuritzeko ageriko asmoz, aurretik ere hamaika bider egin duten bezala, Euskararen Txantxangorriarekin kasu. Bertze gune batzuetan berriz, Ipar Euskal Herria lekuko, herri ekimena dugu Euskaraldia, herritarrek sustaturikoa eta laguntza instituzional xumearekin. Horrek gure tesia indartu besterik ez du egiten: Euskal Herri euskalduna herritarrok eraiki beharko dugu, instituzioak bidelagun, baina herritarrok. Hainbatek goraipatu duten baina askotan itxurakeria hutsean geratzeko arriskua du dinamika honek ere baina, ez baita hemen benetako aldaketarik ageri. Ipar Euskal Herriko ikasleak atzerritarrak gara oraindik EHU-UPVn, erdarazko kultur eredua sustatzen da Bidasoaren bi aldeetan, Osakidetzan eta Osasunbidean gazteleraz artatzen gaituzte…

Honegatik guztiarengatik, Euskaraldia ez da agian euskararen aldia izango, baina aipatu bezala, perspektiba egokiarekin argi dugu Herria euskalduntzen eta ondorioz nazio askapen prozesuan ezinbesteko ekarpena egin dezakeela Euskaraldiak. Batetik, izaera nazionala duelako dinamikak. Hau da, lurraldetasun eta instituzioen mugetatik at, herrialde guztietan praktikan jarriko den egitasmoa dugu. Bestetik, herri aktibazioa eta sektore ezberdinen elkarlana dakarren ariketa delako; zeinetan herritar ezberdinei emango zaien lekua. Izan zaitezke ahobizi edota belarri prest, azken batean, helburu bera baitute biek ala biek: hizkuntza ohiturak aldatu eta, dakiten eta ulertzeko gai diren guztiekin gure hizkuntza erabiltzea, euskara. Hamaika egunek baina, ez dute lortuko harreman ohiturak besterik gabe aldatzea. Norbanako eta kolektibo bakoitzaren konpromezua da, egitasmoa amaitutakoan esperimentu zena, praktikaz errealitate bihurtzeko bidea. 12. egunean, txaparik behar ez izateko bidea.

Modu berean, instituzioek Euskal Herriko txoko askotan dagoen herri dinamikaz jabetzeko parada izan dezakete, baina badakigu, denboraren joanean herritik eta herriarentzat eginiko ariketa ez duela nehork bereganatuko, herritarrok izan ezik. Hamaika egunak igarota ere, euskarak erabilpen duina izan dezan borrokan jarraituko dugu. 

Horregatik guztiagatik, Ernai eta Aitzinako gazteok bat egiten dugu Euskaraldiarekin. Euskal komunitatea sortzen hastera eta sortutakoa saretzera goaz. Euskaraldiak sortzen duena testuinguru bat eta oinarri bat besterik ez bada ere, horietatik abiatuz guk Herri euskaldun bat lortzeko lanean jarraituko dugu.Independentzia, sozialismoa eta feminismoa ortzimugan ditugun gazteok, argi dugu herri euskaldun bat dela herri gisa ditugun egitasmoak aurrera eramateko ezinbesteko arma.