EUSKAL HERRI OSOAN, LAN, PENTSIO, BIZITZA DUINA !

admin 04 Ots 2020,
EUSKAL HERRI OSOAN, LAN, PENTSIO, BIZITZA DUINA !

Blokeo ekintza honen bidez, Aitzina eta LABeko kideok elkartasuna adierazi nahi diegu gaurko greba orokorrean Hego Euskal Herriko karrikak beteko dituzten guziei.

Ipar Euskal Herrian ere, gazte eta langileok, lan, pentsio eta bizitza duina eskuratzeko aldarrikapenarekin bat egiten dugu. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deiturik, bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozioekonomikoaren alde egiten den greba hau, gure greba ere bada. Burujabetza behar dugu Ipar Euskal Herrian aldaketa sozialaren norabidean eragiteko.

Hego Euskal Herrian pentsiodunek eta mugimendu feministak mobilizazio ziklo indartsua piztu duten honetan, Frantses Estatutik heldu zaigun ofentsiba neoliberal berriari aurre egiten ari gatzaizkio Ipar Euskal Herrian. Erretreten erreformaren aurkako borrokarekin, argi eta garbi erakusten ari gara ez gaudela langile eta herri sektoreek borrokan irabazitako eskubideak galtzeko prest. Lan-mundurako jauzia egitear gauden gazteok ez dugu 70 urtera arte lan egitera kondenatuko gaituen puntukako sistemarik onartuko. Gaurko eta biharko pentsiodunei miseria eskaintzen egiten dien gobernu honek, prekaritatea bizitzaren arlo guzietara hedatu nahi du. Aipaturiko ofentsiba neoliberala egiturazkoa da, eta gizarte segurantza, osasungintza zein hezkuntzaren arloetako murrizketetan islatzen da.

Biztanleen %75 etxebizitza sozialerako hautagai izan daitekeen Ipar Euskal Herrian, alokairu sozialaren garapena eta lurra eta etxebizitzaren arloko esku-hartze publikoa aldarrikatzen ditugu. Kontratu berrien %49 aldi batekoa den lurralde honetan, ezinbestekoa enplegu egonkorraren alde egitea. Gizon eta emazteen arteko soldata arrakalarekin bukatu eta zaintza lanak duintzeko politika publiko eraginkorrak behar ditugu. Probrezia gutitu eta gazteen emantzipazioa posible egiteko, zerbitzu publikoen garapena exijitzen dugu. Klima larrialdiari aurre eginen badiogu, besteak beste, ekonomiaren birtokiratzea eta elikadura burujabetzaren bidean doan bertako laborantza herrikoia lehenetsi beharko dira.

Lan-eskubide eta eskubide sozialak defendatzeko, gure bizitzen gain erabakiak hartzeko ahalmena eskuratu nahi dugu gazte eta langileok. Ipar Euskal Herriko lan harremanetarako eta babes sozialerako eremu propioaren eraikuntza den alternatibaren alde engaiatzen gara. Goiz honetako blokeo ekintzan, eguerdiko Donostiako mobilizazioan, arratsaldeko 18:30etan Hendaiako Herriko etxean izanen den elkarretaratzean eta ondoko aste zein hilabeetako borroketan aldarri bakarra plazaratuko dugu: Euskal Herri osoan, lan, pentsio, bizitza duina !