EUSKAL GAZTERIAREN DEIADARRA

KOLDO 04 Api 2016,
EUSKAL  GAZTERIAREN  DEIADARRA

Aitzina eta Ernai gazte antolakundeek antolatuta, Gazte Danbada egin zen Laudion Martxoaren 24tik 27ra. Bertan ospatu edo hobeki erran borrokatu zuen Aitzinak aurtengo Aberri eguna.

Euskal Herriko gazte mugimenduak urtero antolatzen du bere udaberriko ekimena, Aberri Egunaren asteburuan, aurten Esna Harrapa Gaitzala lemapean. Etsaiak gazteria pasiboa nahi duenez, gazte antolakundeok adi gaudela eta ekintzaileak izateko prest gaudela aldarrikatu genuen, eraldaketarako subjektu izatearen bidean. 5 000 Gazte inguru elkartu ginen hiru egunez Laudio herrian. Haietariko anitz halako ekimen baten antolatzeko ezinbestekoa diren lan-txandak egin zituztenak.

Egitarau oparoa zuen Gazte Danbadak. Aisialdia eta formakuntza ideologikoa batzen zituen egitaraua. Hitzaldi, mahai-inguru, tailer, poesia-emanaldi, antzerki, bertso-saio edo kontzertuak izan ziren gazteriarentzat gozagai eta ikasgai. Besteak beste, Sortu idazkari nagusia den Arnaldo Otegi eta CUPeko parlamentaria den Anna Gabriel hizlariaren presentzia nabarmentzekoa da, herri mugimenduko kide ugariren ekarpenarekin batera. Bestalde, musika-talde gazteei euren burua ezagutarazteko aukera eman zitzaien «Oholtza gainean bakerik ez !» gunearen bidez. Topaturekin elkarlanean antolatutako lehiaketan saritutako taldeek jo zuten bertan, talde ezagunagoen ondoan lekua eginez. Ekimenaren filosofiarekin jarraitzeko, elikadura burujabetza bermatu genuen Gazte Danbadan izan ziren otordu guztietan, Aiaraldea eskualdeko laborariekin elkarlan estuan arituz.

Larunbatean izandako ekitaldian, Aitzina eta Ernaiko kideok herri honen askapen prozesuarekin dugun engaiamendua berretsi genuen, askapen prozesuak derrigorrez justizia sozialean oinarrituta izan behar duelakoan. Justizia sozialak hamaika aurpegi ditu, gazteok pairatzen dugun prekarietatearekin bukatu beharko du, genero berdintasuna bermatu… azken finean gure bizitzaren alor guztietan burujabetza eskuratzen lagundu beharko digu. Bide horretan, gatazkaren konponbidearen aldeko eragiletzat dugu gure burua. Espetxeetan bahituak dituzten militante politikoak ezinbestekoak ditugulako Euskal Herriaren askapen bidea urratzeko. Euskal gazteriak borrokatzeko grina berezia du, oraina eraldatu eta gero hobea eraikitzeko. Ernai eta Aitzina gazte antolakundeon arteko elkarlana nahikeria horren adierazlea da, euskal gazteriaren problematikei, nazio ikuspegi batekin erantzun nahi baitiegu, nazio-eraikuntzan eragitearekin batera.

Ildo horretan, Gazte Danbadaren testuinguruan bizi izan genuen borroka eguna den, Aberri eguna. Nola Aberri egunean hala Uztailaren 14an, Aitzinako kideok aldarrikatuko dugu, euskarari ofizialtasunik aitortzen ez dion estatuan ez dugula bizi nahi . Ez ! El Khomri legea, segurtasunaren izenean oinarrizko eskubideen ukatzea, Calaisko etorkinen kanporaketa, TAFTA hitzarmena edo gatazkaren konponbidean ez engaiatzea onartzen dituen Frantzian ez dugu bizi nahi.