ETXEBIZITZA DUINAK GAZTEONTZAT

KOLDO 20 Abe 2017,
ETXEBIZITZA  DUINAK  GAZTEONTZAT

Bigarren etxebizitza eta etxe hutsen azterketa herritarra abiatu genuen duela aste batzuk. Lurra eta Etxebizitzaren arloan gertatzen den espekulazioak, prezioak igoarazi eta bertako herritarrak baina bereziki gazteok etxebizitza duinak eskuratu ezinik uzten gaitu. Etxebizitzaren errealitate gordina azalerazi nahi izan dugu auzoz auzo, herriz herri eta eskualdez eskualde. Gazteriak bere egin du pairatzen duen problematika argitara ateratzeko erronka. Udazkeneko garai hauetan, ez dira guti postontzietan gelditu diren pegatinak. Miarritzeko hondartzako apartamenduak, Itsasuko baserri modernizatuak, Donibane-Garaziko Zitadelako etxeak…eta beste hainbat etxe huts eta bigarren etxebizitza agerian gelditu dira.

Baina azterketa herritarrean parte hartu edo haren emaitzak ikusi dituztenek ohar bat egin digute. Argi eta garbi azaltzen diren emaitzak ikusgarriago egin behar ditugu. Egoera lotsagarria denean, salatzen duenak ezin du lotsarik izan. Horregatik, erabaki dugu hiru eraikin hauetan ironia erabiltzea. Postontzietan zentrimetro guti batzuetako pegatinak ezartzen bagenituen, metrotik gorako pegatinekinin seinalatu ditugu gaurko etxebizitzak. Aitzinetik dakigu, etxebizitza hauen jabeek ez dituztela gure pegatina erraldoiak kenduko gaur etxera sartzean. Etxebizitza hauen jabeak ez baitira hemen bizi eta ez baitute hemen lan egiten.

Gure herriaren postaletako irudia saldu ohi dute. Hondartza, eguzkia, surfa, pilota, Ezpeletako piperra. Haatik, bertako etxe xuri teila gorriak gustoko izan arren, badira itxura modernoago baten alde egiten dutenak, Angeluko etxebizitza honen jabea kasu. Igerilekudun paradisu propioa eraiki du La Barre auzoan, handikeria hutsa den kabia. Noski, gisa honetako proiektu bat egiteko baliabideak dituena ez da bertako arkitekturarekin bat egiteaz arduratzen.

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %75a etxebizitza sozial baterako hautagai izan daiteke. Haien arteko anitz, ikasleak edo langile gazteak. Gure herrietan etxebizitzak falta direla pentsatu ohi dugu usu, baina arazoa ez datza horretan. 2.etxebizitza eta etxe hutsen kopuruei so eginez, guziok etxebizitza duina eskuratzeko ez dago eraiki beharrik. Etxebizitzei ematen zaien erabilpena da gakoa Donibane-Lohizuneko itsasertzeko eraikin honen %80a hutsik dago negu hastapen honetan. Udan soilik erabiltzen diren etxebizitza hauek, bertako zenbat herritarren aterpe izaten ahalko lirateke urte osoan zehar ?

Hendaian ere nabarmena 2.etxebizitza eta etxe hutsen problematika. Hendaiako zentroan kokatzen den eraikin oso hau dugu horren adibide. Hainbat urte dira bertako etxebizitzek egoiliarrik ez dutela. Lapurdiko kostaldeko herrietako erdiguneen bizitza kolektiboa kolokan ezartzen dute espekulazioak eta hirigintza politikek, herritarrak zentrotik gero-eta urrunago bizitzera behartuz. Eraikin honen gisako kasuetan, Herriko Etxeek denbora luzez hutsik egon diren etxebizitzen gaineko neurriak hartzeko eskumena izan beharko lukete.

Bada garaia instituzioek arazo honi irtenbidea eman diezaioten. Azterketa lan sakona egin eta erabaki ausartak behar ditugu etxebizitza zinezko eskubidea izan dadin. Etxebizitzak kontsumo eta espekulaziorako erabiltzen den bitartean, guti batzuen negozioak prekarietatera kondenatuko gaitu. Azkenean, Lurra eta Etxebizitzaren inguruko eztabaida, herri-ereduaren inguruko eztabaida da. Gaur agerian utzi nahi izan dugun gisara, turismoa, lurralde-antolaketa, lana eta laborantza ere ukitzen ditu problematika honek. Azterketa Herritar honek errealitatea azalerazteko balio izan badu, egoeraren ezaugarri ezberdinak islatuko dituzten herritarrei hitza emateko asmoa dugu. Udazken honetan egindako lanean oinarrituz, borrokatzeko helburu zehatz eta lorgarriak finkatuko ditugu. Etxebizitza duinak eskuratzeko antolatzen segitu eta ekintzara pasako gira urtarriletik goiti.