ERREPRESIOA EZ DA BIDEA!

KOLDO 31 maiatza 2016,
ERREPRESIOA  EZ  DA  BIDEA!

Maiatzak 31, goiz honetan Lurra eta Etxebizitza kolektiboarekin batera egindako deialdiaren prentsa oharra :

Lehenik eta behin, gure sustengu osoa adierazi nahi diegu, Teo, bere lagun eta familiari,
azken 50 urteetan pairatzen dugun errepresioa jasanagatik.

2013-ko agorrilan, Lurra eta etxebizitza kolektiboak Donibane Lohitzunen ekimen bat
antolatu zuen, goi mailako higiezin agentzien espekulatzea eta bigarren etxebizitzen ondorio
kaltegarriak salatu nahian.

Egun hartan, Teo abertzale gaztea lehen aldiz bortizki atxilotua izan da. Geroztik,
beste bi atxiloketa jasan ditu ber problematikaren inguruan. Zer xerkatzen dute? Eredu gisa
hartzen ote dute, Euskal Herrian duintasunez bizitzea eskatzen duen gazteria beldurtzeko ?
Egoera larritzera doa: urtero 1000 HA lur eremu galtzen dira, kostaldeko hiri zentroak ez dira
gehiago eskuragarri tokiko herritarrentzat eta tokiko lan sariekin Euskal Herrian bizitzea gero
eta zailagoa da.

Gure iduriko, higiezin eta lurren merkatua mugatzeko, legeak beharrezkoak dira.
Bestalde, herri-tarrei dei zabal bat egiten diegu, interes orokorra lehenesteko, berehalako irabazi
pertsonalaren tentazioa baino. Lekuko hautetsiei ere, haien herrietan proposamen konkretuak
egitea deitzen diegu, tresnak behar bezala erabiltzea eta lekuko aktoreei elgar biltzea, aterabide
konkretuak aurkitzeko eta egoera hori hobetzen saiatzeko. Batzuek jadanik duintasunez bizi
ahal izateko urrats batzu egin dituzte. Adibidez Luzaindiak, lurren babesteko lan ohargarria
eramaten du. Lurra eta etxebizitza kolektiboak eta Aitzinak, beste eragile batzuekin batera,
Euskal Herriko etxebizitza problematikari erantzuteko hausnarketa bat eramaten dugu. Gure
helburu nagusia hau da: Euskal Herrian duintasunez lan eta bizi ahal izatea.

Errepresioak ez du inondik Euskal Herrian etxebizitza eta lurraren arazoa konpontzen. Arazoa
areagotzera doa. Bake prozesuak bake prozesu, Frantses estatuak ez dio euskal gazteak atxilotzeari
utzi. Frantses estatuaren errepresioaren jomugan daude justizia sozialean oinarrituriko Euskal
Herri askea eraikitzeko lanean ari diren gazteak, gatazkaren konponbidearen alde engaiatuak
diren gazteak… Euskal gazteria kriminalizatu nahi du Pariseko botere zentral zapaltzaileak.
Frantes estatuak, interes politiko argiekin, euskal gatazkaren izaera politikoa ukatu eta bere
konponbidea trabatzen segitzen du. Ipar Euskal Herriko jendartearen gehiengo batek eta ia
alderdi politiko guztietako kideek, Frantses Gobernuari gatazkaren konponbidea jorratzeko
eskatu diotenean, berak ez dio inolako irtenbiderik eman preso politikoen egoerari eta ofentsiba
errepresiboari eutsi dio, Espainiaren jarrerarekin lerrokatuz. Teoren atxiloketa bezalako erasoen
sistematikoen parean, herri gisa erantzutea dagokigula uste dugu.

Frantses estatuaren tematzea salatzeko eta hori jasaiten duen euskal gazteria sustengatzeko

Manifestatzera deitzen dugu, ekainaren 4an arratsaldeko 5etan, Baionako San Andres
plazan.