EMAZTEOK GREBARA !

KOLDO 05 Mar 2018,
EMAZTEOK  GREBARA  !

Zer gertatuko litzateke egun eta tenore berdinean emakume guztiok dena gelditzen bagenu etxean, lanean, ikastetxeetan? Hauxe da bultzatuko duguna aurten, joan den urtetik martxan jarri den nazioarteko greba honen bidez. Greba bultzatuko dugu, jasaten dugun indarkeria sozial, politiko eta psikologikoari erantzuteko. Aurten, Euskal Herri osoko emazteok eta eragile feministok egin dugu bat mundu mailako borroka honekin eta hauspo berri hau indartzera goaz!
Zergatik egiten ote dugun greba? Arrazoiak soberan ditugulako!

Gure bizitzaren parte den indarkeria salatzera eta alternatiba berriak sortzera goaz! Argi izan dadila greba hau ez dela gure buruen defenditzeko egun bateko borroka bat, baizik eta zapaltzen gaituen sistema hau hankaz gora jartzeko borroka indartsu bat.

Erran bezala, emazte izateagatik egozten zaizkigun indarkeriak anitzak dira. Hauetariko bat nola ez, ordainduriko lan esparruan garatzen diren zapalkuntzak dira. Hauen artean, emakumeok egunero, 15:45tatik goiti urririk lan egitea derrigortua izatea edota gaur egun bizi dugun krisi ekonomikoaren aitzinean, prekarietate handiagoa jasan behar izatea. Hamaika arrazoi ditugu beraz, martxoaren 8an, ordaindutako lanean greba egiteko!

Horrez gain, emakume eta ikasle izateak ere, ondorio latzak jasatera garamatza. Ttikidanik, eskoletako liburuetan emazte erreferenteak existitzen ez balira bezala hezi gaituzte, jaso dugun hezkuntza sistema patriarkalagatik, genero-estereotipoetan ito gaituzte. Indarkeria honi aurre egiteko, neska ikasleok grebara!

Ekonomia eredu kapitalistaren mesedetara, emazteak objektu bilakatzen gaituzte afitxa edota aldizkarietan, gu ere, kontsumo produktu bagina bezala. Patriarkatuaren ordezkariek kendu egiten digute lan-munduan izan behar genukeen ahotsa, haiek gure izerdiarekin aberasten diren bitartean. Masa-kontsumoaren aitzinean, emazteok grebara!

Honekin loturik,  adierazi nahi dugu gure gorputzen jabe izaten segituko dugula, gure gorputza gure erabakia dela oihukatzen ez baikira geldituko! Bai, aspertua gira karrikako jazarpena jasateaz, sexu erasoak pairatu eta salatzeaz, gure ondoko lagun horren txiste matxistak entzuteaz, kontrolatuak izateaz, beldurrean hezia izateaz, homofobia jasateaz. Indarkeria matxistak zapaltzen gaituelako, martxoak 8 emakumeok grebara!

Azkenik, kulturalki eraikia den inposaketa batek ere gure egunerokoan zapaltzen gaitu. Zaintzaren ardura inposatu zitzaigun aspaldi. Lan ikusezin guzti hori musutruk egiteko sortu bagina bezala antolatu dizkigute gure bizitzak. Baina guri, erratza eman baziguten ere, guk, hegal egiteko erabiliko dugu. Gutiesten den lan guzti hori uztera goaz, etxean ere greba egitera goaz!

Arrazoiak soberan ditugulako pasa gaitezen orain, hitzetatik ekintzetara. Hamaika molde ditugu emazte guziok mundu mailako pindar hau hauspotzeko. Egin ezazu greba, edo antolatutako mobilizazioetara hurbildu, zapi ubela soinean jarri, amantala leihotik zintzilikatu, grebalarien bazkarian parte hartu, zure inguruan mintzatu… Denok dugu gure alea ekartzeko aukera. Oroitu, mundu mailako jarduera gelditzera goazela, orain arte itzalpean atxikitakoa plazaratzera goazela, mundu erdia gira! Patriarkatuari  hortzak erakusteko tenorea dun! Emazteok, grebara !