EL KHOMRI LEGEA

KOLDO 08 Mar 2016,
EL KHOMRI LEGEA

Lan erreforma berri batekin dator alderdi sozialistaren gobernua. Myriam El Khomri lan ministroaren eskutik, langileen eskubideen murrizketa drastikoa dakar lege aldaketak. Langabeziari aurre egiteko neurri eraginkorra balitz bezala aurkeztu digute. Lan merkatua malgutzea delarik helburua, hain zuzen pentsamendu neoliberalak helburu duen gizarte eredura urrats bat gehiago ematea. Lan merkatua eratzen duten instituzioen eraldaketa liberala inposatu nahi digute, beren burua « sozialistatzat » duten horiek.

Ikuspegi horrekin, langileria, murriztu beharreko GASTU gisa ulertzen da. Honela etekinak handitu eta enplegua sortzen dela uste dute liberalek. Baina datuek aurkakoa frogatzen dute ! 2008ko krisi ekonomikotik hona, neo-liberalismoaren ildotik hartu diren erabaki guziek langabezi-tasa handitu besterik ez dute egin. Horien ustetan berriz ere, politika neo-liberala muturrera eraman ez izana da horren ondorioa. « Enpresari askatasun gehiago utzi behar » zaionaren hitz leunetan beraz, horren gauzatzera datoz oraingoan.

Lan baldintzen prekarizazio hutsa da, lege honen bidez inposatu nahi digutena eta gazteok jasan beharko duguna. Aldaketa nagusien artean hona nabarmenenak :

  1. LAN HITZARMENEN HIERARKIZAZIO BERRIA

Lan hitzarmenek dituzte lanerako baldintzak, hots eskubideak finkatzen. Horretarako, hitzarmen desberdinen arteko hierarkia juridiko bat definitzen da. Orain arte Laneko Kodea zen hierarkian gorena eta beraz, errespetatu beharrekoa. Lan erreforma berrian aldiz, enpresan adostutako hitzarmenak, Lanaren Kodeari gaina hartzen ahalko dio. Hitzarmenen hierarkizazio berri honek beraz, patronalari eskubide gehiago maten dizkion ber, langileriaren defenditzeko eta negoziatzeko indarra deusezten du.

  1. LAN ORDUEN EMENDATZEA

35 lan orduko asteak egin ordez, 46 lan orduko asteen egiteko aukera ematen du erreformak. Langabezia maila azkarra den garai hauetan, lana partekatzea baino kontzentratzearen hautua egiten da. Argudiatzerik ere ez da, erabaki honek, lanposturik sortuko ez duela frogatzeko. Gainera lan egindako ordu gehigarriak orain arte baino gutiago sarituko lirateke.

  1. LANGILEEN KANPORATZEKO ERRAZTASUN GEHIAGO

Langile baten kanporatzeko oinarrizko baldintzak murrizten ditu erreformak. Funtsezko zailtasun ekonomikorik argudiatu behar izan gabe ere, kanporatu daiteke langile bat. Horrez gain, gehiegikeriazko kanporaketa baten ondorioz, enpresak langileari ordaindu beharreko kalte-ordainak, enpresan egindako lan urteen arabera kalkulatuko lirateke.

 

Erran gabe doa, gazteok ditugula lehendabizi lan erreforma honen ondorioak jasan beharko. Lan mundua integratzeko berezko zailtasunei, erreforma honek eragindako sarraskiak gehituko zaizkigu. Azkenean, gazteon prekaritatea eta prekaritatea orohar norma bilakaraziko dituzte.

AITZINA gazte antolakundetik onartu ezina iduritzen zaigu halako erreforma baten gauzatzea. Eredu neo-liberalaren ondorioa da krisia, langabeziaren egonkortzea eta ezberdintasunen areagotzea. Liberalismo gehiagorekin, ereduak sortu duen egiturazko langabezia areagotuko da, eta prekarietatea normalizatuko, etekinak gero eta gutiagoren eskuetan kontzentratuko direlarik. Arazoa sistematikoa den heinean, eredu honen iraultzean datza aterabide bakarra.