ASTEBURU UBELA

admin 15 Abe 2016,
ASTEBURU  UBELA

Gazte antolakundean eraman ditugun gogoeta eta eztabaiden ondotik, Aitzinaren baitan antolamenduari loturiko aldaketa batzuk egitea erabaki genuen. Gazte problematikei erantzuteko, arloz arlokako lanketak hobetsita, talde tematikoen sorrera bultzatzeko ideia atera zen. Lan-talde feminista eta euskara lan-taldea izan ditugu abiapuntu. Horren baitan kokatzen da talde feministak antolatutako asteburupasa ubela.

 

Hastapen batean, formakuntza feministari tokia uztea erabaki genuen, denek sentitzen genuen behar bat zela ohartu baikinen. Lehen urratsa beraz, gogoen eta beharren arabera gai konkretu batzuen inguruan eztabaidatzea, solastea eta ikastea izan zen. Formakuntza prozesu honi indarra eman nahian, hiru eguneko egonaldi formatzailea egitea erabaki genuen. Asteburu honek, barne mailan formatzeaz gain, kezka eta eztabaidagai horiek gizarteratzea du helburu. Bertan eramanen diren lanketa ezberdinek jarrera batzuk saihestea edo egunerokotasunean bizi ditugun egoerei erantzuteko gakoak ematea dute helburu. Baina asteburu ubela, formatzailea izateaz gain, bakoitzaren barne kezkak, dudak, ideiak trukatzeko parada ere izanen da.

 

Asteburua ostiralean hasiko da, botere harremanen inguruko tailer batekin. Tailer honen helburua, jendartean zenbait subjektuekiko ditugun jarrerak aztertzea eta era berean kolektiboaren barnean sustatzen ditugun botere harremanen hausnarketa bultzatzea da. Baina, zerotik ez garela hasten badakigu, aitzinetik lana egin izan dela badakigu, eta horretaz jabetzeko asmoz, “Sukaldetik plazara” dokumentala proiektatuko dugu ostiral arratsean 7tan. Ipar Euskal Herriko emazteen askapen mugimenduaren inguruko ikus-entzunezko hau Emagin eta Bilgune Feministak garatu zuten, Euskal Herriko mugimendu feministaren historia batzeko asmoz. Denboran zehar egin den lanaren berri izan ondotik eta ohargabean onartzen ditugun botere harremanen inguruko hausnarketa eginik, larunbat goizean martxoaren zortziko prestatu gogo dugun ekitaldiaz gogoetatuko dugu. Gure lehen agerraldi publikoa egun horretan eginen dugu. Horren bidez, adierazi nahi dugu 2017ko martxoaren 8tik aitzina guk ere modu espezifikoan landuko dugula feminismoaren gaia, antolakundearen baitan merezi duen tokia emanez.  Hausnarketa kolektibo hori bukatuta, ttikidanik, hezkuntzak berak gure garapen pertsonala mugatzen duen estereotipoen transmisioa izanen dugu aipagai, bi partetan banatuko den hezkidetza tailerrean. Izan ere, hezkuntza sistemak gaur egun estereotipatutako uste, rol edo jokabideak transmititzen jarraitzen du. Horretaz gain, larunbat gauean afari musikatuaz gozatzeko parada izanen dugu.

 

ITZALPETIK BORROKA FEMINISTARA!

[/vc_column_text][/vc_column][/vc_row]