AMALURRA ETA BIZITZAK DEFENDATU !

KOLDO 18 Ira 2019,
AMALURRA  ETA  BIZITZAK  DEFENDATU  !

Ustelen parean bizitza babestuz, Euskal Herri burujabearen bidea jorratuko dugu. Amalurra eta bizitzak ditugu defenditzeko !

Hilabete igaro da G7a osatzen duten estatuburuen bilkura Miarritzen antolatu zenetik. Sistema kapitalistaren garapena eta mendebaldeko potentzien interesen nagusitasuna bermatzea duen gailurra, herrien, aberastasunen eta pertsonen desjabetzean oinarritzen den neoliberalismoaren ikur nagusia da. Herrialde hauek, natur-baliabideen ustiaketa, ekosistemen suntsipena eta jasangarriak ez diren bizi-ereduen hedapenaren sustatzaile dira. Haiek dira gaur egungo mundua desagerpenera bultzatzen dutenak.

Bizkitartean, « planeta berriz ere handi » egin nahi duen lehendakaria omen da Emmanuel Macron. COP 21eko engaiamenduak bete ez, merkataritza askea lege bakartzat hartu eta iraganean zein orainean inperialismoa jardunbidetzat duen Frantses Estatuari ezin zaio ekologista deitu. Macronek Trump edo Bolsonarori egindako interpelazioen gibelean ez dago inola ere klima aldaketaren aurkako jarrerarik. Hitz haien atzean, zinismoa eta Frantses Estatu kutsatzailearen zuriketa besterik ez dago ezkutatua. 

Klima ordez sistema aldatzeko deiadarra aspaldikoa izanik, oldarraldi neoliberalaren garaiotan, klima aldaketa eragozteko borroka eta justizia sozialaren aldekoa bereizezinak direla argi gelditzen ari da. Azken finean, bizitzaren aldeko borrokak dira biak ala biak. 

Amalurraren suntsipena azkartzen duten bi estaturen menpe bizi da Euskal Herria. Proiektu txikitzaileak inposatzen dizkigute eta gure ingurumen politikez erabakitzea ukatzen. Haatik, Lemoizko zentral nuklearraren, Itoitzen, 2X2aren, AHTaren, urre meategien edo Erraustegiaren aurkako borrokak Euskal Herriak erresistentziarako kemena baduela erakutsi dute. Ipar Euskal Herrian bertan, badugu alternatiba : bertako laborantza herrikoia, energia burujabetzarantza helburu duten egitasmoak  edo zirkuitu laburreko ekonomia sozial eraldaldatzailea…

Irailaren 20ko ikasle greban eta 21eko klimaren aldeko Baionako martxan parte hartzera deitzen dugu euskal gazteria. Ustelen parean bizitza babestuz, Euskal Herri burujabearen bidea jorratuko dugu. Amalurra eta bizitzak ditugu defenditzeko !