ALTSASUKOAK ASKE !

KOLDO 29 maiatza 2018,
ALTSASUKOAK  ASKE  !

2016ko Urrian hasi zen dena. Ostatuko liskar baten ondotik, zirko mediatiko, politiko eta judiziala abiatu zuen Espainiar Estatuak. Herri oso baten kriminalizazioa etorri zen ondoko asteetan, atxiloketak, espetxeratzeak, dispertsatzea, urrunketa.

Altsasuko 3 gaztek urte eta erdi pasa dute jadanik presondegian bahiturik, eta oraingoz libre diren beste 9 gazteekin batera epaiketa izanen dute heldu den astelehenetik goiti Madrileko Auzitegi Nazionalean.

Injustizia honek aurpegiak ditu, Oihan, Jokin, Jon Ander, Julen , Adur, Aratz, Iñaki eta Ainara, aske nahi zaituztegu. Kriminalizatu zuten Altsasu, baina altxatu zen. Senide, lagun, herritar, hautetsiak elkartu ziren errepresaliatuei babesa adierazteko. Altsasutik Sakanara, Sakanatik Nafarrora eta Nafarrotik Euskal Herrira hedatu zen elkartasuna. Euskal Herri hori da larunbatean Iruñen elkartuko dena. Herriz herri Altsasuko gazteen aldeko, elkarretaratze, kontzertu, hitzaldi, manifestaldi, argazkiak antolatu dituen herria. Madrilen epaituko dituzten gazteak bakarrik utziko ez dituen jendartea.

Badakigu Altsasukoek ez dutela epaiketa justurik ukanen. Izan ere, salbuespen legediari erantzuten dion salbuespena epaitegia da Madrileko Auzitegiko Nazionala. Gazte hauen eskubide zibil eta politikoak urratuak izan dira haien atxiloketaren momentutik. Hau da Espainiar Estatuaren zigilua. Euskal Herrian, herri mugimenduen ilegalizazioa, tortura edo hedabideen hestea sustatu duen Estatuaren izaera antidemokratikoa aspaldidanik ezagutzen dugu.

Altsasukoen auzia hasteko egun batzuk baizik falta ez honetan, muntaia polizial honen aurka mobiliza gaitezen. Larunbatean denak Iruñera, Altsasukoak aske !