AHALDUNDUZ, EKIN EUSKALDUNTZEARI !

admin 03 Abe 2017,
AHALDUNDUZ,  EKIN  EUSKALDUNTZEARI  !

Lapurdi, Baxe-Nafarroa eta Xiberoako euskaldunon egunerokoa izaten da euskaraz bizi nahi eta ezina. Hizkuntza gutitua mintzo dugula oroitarazten digute eguneroko oztopoek.

Frantsesaren prestigioak eta euskara gure bizitzaren eremu ugaritan erabiltzerik ez izateak, gutiengotasun konplexua errotu ohi du gugan. Hiru herrialdeotan euskara urrien entzuten den eremuan, Baiona-Angelu-Miarritze hirigunean abian den BAM dinamikak hiztunen aktibazioa du helburu. Euskaldunok uste baino gehiago girela ohartaraziz, gure ikuspegia iraultzeko baliabideak eskaintzen dizkigu. Baiona-Angelu-Miarritzen, 9000 euskal hiztun eta 6000 mila hiztun pasibo egonik, hizkuntza ohituren aldaketa bultzatu nahi dute dinamikaren antolatzaileek. Euskarak eta euskaldunok plazara jalgi behar dugu, gure lotsak uxatu eta kolektiboki boteretu. Lehen hitza euskaraz egitea edo mintzatzen jakin ez arren, euskara ulertzen duenarekin euskaraz segitzea, euskaraz bizitzeko eremu berriak irabaztea da.

Euskara ikasten duen oro da euskaldun. Folklorera eta museotara mugatu nahi duten hizkuntza elkartzeko baliatu nahi dugu, zubiak eraikitzeko. Kultura globalizatuan asimilatu nahi gaituzten honetan, gure nazio-izaera eta gure kultura biziararaziko ditugu. Arraza, klase, sexu-genero edo jatorriaren araberako diskriminazio guzien aurka egiten dugun heinean, ez dugu onartuko gure hizkuntzarengatik diskrimina gaitzaten . Ez dugu onartuko bigarren mailako hiritarrak izatera garamatzan legedirik. Eskubiderik gabeko iragana dugu euskaldunok, eta eskubide-urraketez beteriko oraina. Gazteok bereziki pairatzen ditugu euskaraz ikasteko zailtasunak. Bere ikas-prozesu osoa euskaraz egin duen ikasleak frantsesez egin behar du Baxoa. Horregatik, hainbat gai frantses hutsean landu beharko ditu Lizeoko urteetan. Ikasle horrek berak, Paue, Bordele edo Tolosa jo behar du goi-mailako ikasketak frantsesez segitzera. Izan ere, garai bateko erdeinuak hor dirau, euskarak ez du balio goi-mailako jakintzarako edo ikerketarako.

Injustiziaz mintzatu garenez, funtsean euskaraz bizitzearen alde borroka egitea justiziaren alde egitea dela azpimarratzen dugu. Uztaritzeko Herriko Etxea, bide urratzailea izan zen euskararen ofizialtsuna egikaritzeko orduan. Gaizki deituriko justiziak haatik, berehala zangopilatu zuen euskarari lege-geriza eta ezagupena emateko proposamena. AEK eta Seaska Ipar Euskal Herriaren berreuskalduntzerako ezinbestekoak diren arren, hizkuntza politika eraginkorrak behar ditu gure hizkuntzak. Keinu sinbolikoez harago, euskararen normalizaziorako erabaki ausartak hartzea dagokio Euskal Elkargoari.

Gazte eremutik, euskararen alde eragiteko ardura berezia dugu gazte ezkertiar eta abertzaleok. Eratu berri den Aitzinako euskara taldeak, eskubide-urraketen salaketa eta euskaraz bizitzeko eremu berrien eraikuntza uztartuko ditu. Taldera batu, antolatu, formatu eta borrokatzeko deia egiten diegu gazte euskaltzaleei. Euskalgintzarekin eta herri mugimenduarekin elkarlanean, Ipar Euskal Herriko jendartearen gehiengoak aldarrikatzen duen euskararen ofizialtasunaren bidean urratsak egin behar ditugulako.