7 EGUN, HAMAIKA ETEKIN !

admin 23 Urt 2020,
7 EGUN, HAMAIKA ETEKIN !
Supermerkatu honek zabalik segitzen du, baina langilerik gabe. Izan ere, astean 7 egunez eta goizeko 6tatik gauerdira irekitzeko hautua egin du Leader Pricek, enplegu berririk sortu gabe.

Kutxa automatikoen bidez saltegiaren ordutegia hedatuz, kodeak hausten ditu Leader Pricek eta bezeroei edonoiz, edonola gehiago kontsumitzeko eskaintza egiten. Gehiago kontsumitzeak gehiago ekoiztea dakar, elikadura intentsiboa garatzea, natur-balaibideak are gehiago ustiatzea eta merkantzia gehiago garraiatzea. Eredu honek ondorio argiak ditu : berotegi efektuko gasen emendaketa eta natur-baliabideen ustiaketa neurrigabea. Honako logika haatik, ez da jasangarria baldin-eta klimaren erronkei erantzun nahi badiegu.

IPPCko zientzialariek, Oraingo eta geroko belaunaldiei etorkizun egonkorra bermatze aldera, tenperaturen beroketa globala 2°C eta 1,5°C artekoa izan dadin ekitea premiazkoa dela adierazten diguten honetan, epe laburreko etekinek soilik inporta balute bezala jokatzen du Leader Pricek.

Harremanik gabe, gizakirik gabe, langilerik gabe kontsumituko duten bezeroak formatzen ditu Leader Pricek. Kutxa autonomatikoen banalizazioak, igandeetako irekieren legediaren desbideraketak eta eguneko zein gaueko edozein orenetako kontsumoak bertako enplegu eta ekonomiarengan ondorio dramatikoak eragiten ditu.

Ez dago ordutegi honi aurre egin diezaiokeen komertzio edo artisau ttikirik. Gure enpresa ttiki eta enpleguak arriskuan dira. Premiazkoa da pertsonak erdigunean izanen dituen eredu sozial eta ekonomiko baten alde mobilizatzea. Emazteak eta ikasketak ordaintzeko lan egin behar duten ikasle gazteak izanen dira saltokiaren irekiera berri hauen lehen biktimak. Zoritxarrez, irekiera hauek sortutako etekinak ez dira Leader Priceko langileen lan-baldintzak hobetzera, lan denbora murriztera edo soldatak igotzera bideratuko. Aitzitik, prekarietatea eta langileek pairatuko duten presioa izanen dituzte ondorio.

Saltegi honen eta beste guzien gehiegizko irekieren bukaera eskatzen dugu. Bizi eta LABeko kideok, beste mundu bat posible dela uste dugu ! Justizia sozialaren eta ingurumen-justiziaren aldeko borrokak bereiztezinak diren mundu bat. Lurraldearendako kalitatezko enplegu sortzaile izateaz gain, garbiagoa den bertako ekonomia sustatzen duen mundu bat.

Gure eskubide sozialak zein ingurumena babesteko ekitea dagokigu : bioaniztasuna zainduko duen laborantza jasangarria garatuz, ekonomia birlokalizatuz eta merkatari zein artisau ttikien bertako eta sasoiko produktuak kontsumituz.